naiz

Nafar Gobernuak PP, UGT eta CCOOren arteko akordioa bere egin duela salatu du ELAk

ELAren arabera «30 urte beharko dira Nafarroako administrazio publikoetan, onenean ere, azken urte hautetan galduriko eroste ahalmena berreskuratzeko», nafar Gobernuak foru langileen soldaten igoera kopuruak iragarri ostean.

Nafarroako Gobernuak foru langileen soldata igoerak zenbatekoak izanen diren iragarri zuen joan zen astean: %1,5 abuztutik aurrera, %0,25 gehiago zehaztu gabe noizdanik aplikatuko den, eta 2018ko Aurrekontuen Estatu Legeak baimentzen duen %0,3ko igoera negoziatu beharko da sindikatuekin irailetik aurrera.

ELAk uko egiten dio foru Gobernuaren proposamen horri, «PPk, UGTk, CCOOek eta CSIFek 2018ko martxoan egindako akordioa ontzat hartzen duelakoan». Sindikatuaren iritziz, «akordio horrek babesa ematen die austeritate-politikei, eta ez du sektore publikora hain ondorio larriak ekarri dituzten dekretuetariko bat ere indargabetu». Era berean, honen bitartez, «autogobernua ahultzeko joerari eutsi» egin diotela adierazi dute ohar baten bitartez.

Soldata-igoerari dagokionez, Madrilgo akordioa «zeharo eskasa» dela uste du ELAk. «Azken aurreikuspenen arabera, 30 urte beharko dira, onenean ere, azken urte hautetan galduriko eroste-ahalmena, %15ekoa, berreskuratzeko, Nafarroako administrazio publikoetan».

Zentzu horretan, sindikatuak «austeritate politikak alde batera uzteko, eta baita Madrili jarraipen itsua egiteari ere behingoz uzteko» eskatu dio Uxue Barkosen Gobernuari. Aldiz, «benetako negoziazio aldi bat ireki beharko luke, azken urteetan galduriko %15eko eroste ahalmena berreskuratzearren».