Mikel Iturriak irabazi du Vueltako hamaikagarren etapa, Euskal Herriko lehena, 180 kilometro Donapaleu eta Urdazubi artean. Urnietarrak sekulako garaipena eman dio Euskadi-Muriasi, taldearen etorkizuna kolokan dagoen une honetan. Iaz Oscar Rodriguezek lortutakoa ederra izan bazen, zer esan gaurkoaz.
Iturria eguneko ihesaldian sartu da, eta gora-behera askoren ostean, azken 20 kilometroetara inguratzen ari zirela eraso bikaina jo du, aurkariak zalantzan harrapatu dituena. Urnietarrak 40 segundoko aldea ere lortu du une batzuetan, baina asko sufritzea tokatu zaio azken txanpan.
Sarako azken aldapa gogorrean 10 segundo eskaseko aldearekin zegoen, oraindik zazpi kilometroren faltan, baina atzetik zuen boskotea ez da erabat ados jarri lan egiteko eta Iturriak bikain baliatu du helmugara bakarrik iristeko.
«Ametsa egin bihurtu da. Oraindik ezin dut sinetsi, nik uste gauean etapa lasai ikusten dudanean konturatuko naizela lortutakoaz. Etapa ikustera etorria nintzen, ihesaldian sartzeko asmoarekin, baina hortik etapa irabaztera sekulako aldea dago. Azken metroetan ahotsak entzuten nituen, ezagunak asko, eta saiatu naiz atzera asko ez begiratzen. Zorionez dena ongi atera da eta garaipena lortu dut», adierazi du gipuzkoarrak helmugan.
Ihesaldi jendetsua, tropela patxadaz
Eguneko ihesaldia hamargarren kilometroan sortu da eta 14 gizonek osatu dute, tartean lau euskal txirrindulari: Gorka Izagirre (Astana), Mikel Iturria (Euskadi-Murias), Alex Aranburu eta Jonathan Lastra (Caja Rural). Eurekin batera sartu direnak Jorge Arcas (Movistar), François Bidard (Ag2r), Lawson Craddock (EF), Damien Howson (Mitchelton), Amanuel Ghebreigzabhier eta Ben O' Connor (Dimension Data), Matteo Fabbro (Katusha), Angel Madrazo (Burgos), Remi Cavagna (Deceuninck) eta Benjamin Thomas (Groupama) izan dira.
Abantaila handitzen joan da nabarmen, eta Izpegi igotzen hamar minutuko aldearekin hasi dira. Mendatean gora Alex Aranburu eta Gorka Izagirre izan dira aurrera egin dutenak, eta tarte politarekin igaro dute gaina. Zenbait kilometroan biak egon dira lasterketa buruan, baina Otxondoko igoeran atzetik zetozen txirrindulariek bat egin dute beraiekin. Egoera hori ongien baliatu duena Mikel Iturria izan da eta bere erasoak amaiera ederra izan du.
Atzetik, tropelak oso lasai hartu du etapa eta helmugan 18 minutu eta 35 segundora sartu da. Sailkapen nagusian, beraz, aldaketarik ez dago eta Primoz Roglicek jarraituko du lidertzan bihar, Euskal Herriko bigarren etapan: 171 kilometro Los Arcos eta Bilbo artean.