Haritz Larrañaga

Hizkuntza eskubideak bermatzeko urrats bateratua Hendaia, Uharte eta Arrigorriagan

Euskalgintzaren Kontseiluak proposatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sinatu du Hendaiako Udalak. Uharte eta Arrigorriagak ere bat egin dute hitzarmenarekin. Hiru proiektu pilotuen baliagarritasuna aztertu eta beste herriko etxeetara hedatzea du xede egitasmoak.

Hendaiako udaletxean gauzatu da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren izenpetzea. (Guillaume FAUVEAU)
Hendaiako udaletxean gauzatu da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren izenpetzea. (Guillaume FAUVEAU)

Hendaia, Uharte eta Arrigorriagak bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak proposatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloarekin. Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetan kokatzen diren esperientzia pilotuak baliagarriak izango dira beste edozein udalerritan ere protokolo bera aplikatu ahal izateko. «Errealitate administratibo desberdinetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste udal edo herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak ateratzea da asmoa», azaldu du Paul Bilbaok, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskal Herriko hiru administrazio desberdinetan kokatuak diren herriak batu dituen esperientzia pilotua abian dela sinbolikoki irudikatzeko Hendaiako herriko etxea hautatu dute, izan ere bertan sinatu dituzte udaletako ordezkariek eta Kontseiluko idazkari nagusiak hitzarmena balioesten duten ziurtagiriak. Paul Bilbao (Kontseilua), Maite Ibarra (Arrigorriagako alkatea), Edorta Beltzunegi (Uharteko alkateordea) eta Kotte Ezenarro (Hendaiako alkatea), izan dira sinadura ekitaldian.

Honela laburbildu du Hendaiako auzapezak, errealitate desberdinei erantzuten dieten arren, guztiek bat egitearen arrazoi nagusia zein den: «Ekintza sinboliko honez gain, gure harremanak garatu nahiko genituzke, elkar hobeto ezagutzeko. Eskumenak eta legedia desberdinak dira, baina badugu puntu amankomuna: Euskara. Hain gara hurbilak geografikoki eta aldi berean hain ezberdinak».

Egitasmo berritzailea

Kontseiluarentzat «erronka handia» dela aitortu du Bilbaok, baina itxaropentsu agertu da, zeren «proiektu zinez berritzailea da, oinarri bera erreferentzia gisa harturik, euskal lurralde osorako baliagarria izango den hizkuntza politikarako ildo nagusiak definitzen ahalko ditugu». «Espero dugu proiektuaren emaitzari esker beste herriko etxeentzat eta udalentzat ere baliagarria izatea», gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Egitasmoa bi fasetan gauzatuko da, lehenik, «herriko etxeetako garapena oinarri harturik, diagnostiko bat osatuko da», eta jarraian, diagnostikoa esku artean, «hizkuntza politikarako lerro nagusiak definitzen ahalko dira». Modu horretan, «hautetsiek hizkuntza politika zehazteko eta aitzina eramateko bidea prest izango dute», jakinarazi du Bilbaok.

Hitzarmenaren jatorria nondik datorren ere oroitarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. «Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa nazioarteko adituek eta Europako 30 hizkuntza komunitatetik gorako gizarte eragileek osatutako dokumentua da, eta 2016an aurkeztu zen Donostian». Hiru urte geroago, 2019ko azaroaren 6an, Gasteizen aurkeztu zen «tokiko administrazioari egokitutako dokumentua», eta gauza bera egin zen Baionan 2020ko otsailaren 7an.

Hendaia, Arrigorriaga eta Uharte

Tokiko errealitate administratiboak kontuan hartuta egokitu behar izan da protokoloa, baina Arrigorriaga, Uharte eta Hendaiako udalek erakutsi duten prestutasunari esker egitasmoa burura eraman ahal izan dela azpimarratu du Bilbaok. Hain zuzen ere, zailtasun gehien eskaintzen dituen lurralde eremuan hitzarmena sinatzeak duen garrantzia ere nabarmendu du Kontseiluko bozeramaileak: «Hitzarmena Hendaian izenpetzea garrantzitsua da, izan ere, euskarak Ipar Euskal Herrian duen aitortza juridiko falta ez da oztopo borondatea egonez gero urratsak egiteko».

Martxoaren 4an burutu zuten osoko bilkuran eman zuen aditzera Hendaiako Udalak protokoloa sinatzeko hartu zuen erabakia; ondorioz, hizkuntza politikak garatzeko konpromisoa hartu zuten Ipar Euskal Herriko 21 herrietatik lehen udala izan da Hendaiakoa protokoloa sinatzen. HOts, Kotte Ezenarro auzapezak gainontzeko herriko etxeek ere bat egingo duten itxaropena azaldu du: «Hendaia herri pilotua izango da diagnostiko bat osatu eta proposamenak lantzeko eta agian eredu baten hedatzeko».

Bizkaian Arrigorriagako Udala izan da Kontseiluak proposatutako protokoloarekin bat egiten lehena. Honela azaldu Maite Ibarra alkateak haien xedea: «Herritarren hizkuntza eskubideak erdigunera ekarri nahi ditugu, zehar lerro moduan garatu eta landu, gure jardun politikoaren zutabe bilakatuz. Hitzekin baino, ekintzekin egin nahi dugu, eta helburu horretan protokolo honen laguntza, babesa eta sostengua izateari garrantzitsua deritzogu».

Nafarroan, ostera, Uharteko Udala izango da lehena Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa garatzen. «Egokia iruditu zitzaigun proba pilotu honetan parte hartzea, besteak beste, herritarren hizkuntza eskubideen bermeari begira Udala zein puntutaraino dagoen prest, eta zein neurri berri har dezakegun ebaluatzeko», adierazi du Edorta Beltzunegi alkateordeak.