Iberdrolak eta EEEk sabotaje berri bat salatu dute haizea neurtzeko Arabako instalazioetan

Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatzen duten Aixeindar sozietateak, EAEn proiektu eoliko berriak bultzatzeko sortutakoak, haizea neurtzeko estazioak jasaten ari diren «etengabeko sabotajeak» salatu ditu asteazken honetan.

Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) EAEn proiektu eoliko berriak garatzeko osatzen duten elkarteak, Arabako Arkamo mendian dauden haizea neurtzeko bi instalazio eraitsi izana salatu du Ertzaintzaren aurrean, eta, esan duenez, joan den udatik bere instalazioek jasan duten bosgarren sabotajea izan da.

Arkamo mendiko instalazioak haizea neurtzeko bi dorre dira, baina joan den astean datuak emateari utzi zioten eta eraitsita agertu ziren, Aixeindarrek ohar baten bidez asteazken honetan jakinarazi duenez.

Toki horretan egindako hirugarren erasoa da hau; izan ere, 2020an antena bat eraitsi zuten, eta orain berriro suntsitu dituzten bi antenek ordezkatu zuten. Iaz ere bi sabotaje izan ziren Iturrietako Mendien kokapenean, neurketa-estazioko kontrol-koadroaren eta puntu horretan haizea neurtzen duen antenaren aurka.

Bost erasoak Poliziaren aurrean salatu dituzte, eta egileak aurkitzeko ikerketa martxan jarri du Ertzaintzak dagoeneko.

Aixeindar elkarteak «gaitzespen irmoa» adierazi du sabotaje horien aurrean, eta «balizko kokalekuetan haizearen baliabidea ikertzea galarazteko hertsapen argia» direla salatu du, baita  «Euskadiren etorkizuneko jasangarritasun energetikorako mehatxua» ere.

Enpresa horrek haize-guneak bilatzeko eta neurtzeko lanak egiten ditu, EAEn parke eoliko berriak egon daitezkeen aztertzeko, eta lehen eskaerak aurkeztu ditu Azazetan, Iturrietako Mendietan, Arkamon eta Labrazan mota horretako azpiegiturak egon daitezkeen lau kokalekutarako, guztiak ere Araban. Aramaion ere eraiki nahi dute beste bat, Arlabanen hain zuzen ere.

Arabako Batzar Nagusietan oposizioko alderdiak aurka agertu dira eta Mendiak Aske plataformak 3.000 alegazio lortu ditu parke eoliko horien aurka.