NAIZ

Alberto Lopez de la Calle presoaren bikotekideak eta lagun batek istripua izan dute

Urrunketa politikak beste istripu bat eragin du, Etxeratek berri eman duenez. Alberto Lopez de Lacalle Gauna euskal presoaren bikotekideak eta lagun batek istripu arina izan dute, Villabonako espetxerako bidean zihoazela preso gasteiztarra bisitatzera. Ez dute kalterik izan.

Autoak kalteak izan ditu baina bidaia jarraitu ahal izan dute. (ETXERAT)
Autoak kalteak izan ditu baina bidaia jarraitu ahal izan dute. (ETXERAT)

Alberto Lopez de Lacalle Gauna preso gasteiztarraren bikotekideak eta lagun batek auto istripua izan dute larunbat goiz honetan Villlabonako (385 km) espetxerako bidean, bisita egitera zihoazela, Etxeratek ohar batean jakinarazi duenez.

Azaldu duenez, ezbeharra Bilbotik 195 kilometrora gertatu da, Hoznayoko gasolindegiaren inguruan; azeri bat autoaren bidean gurutzatu da eta autoak animaliaren aurka talka egin du. Zorionez, ez presoaren bikotekideak ez lagunak ez dute kalte fisikorik jasan. Hasiera batean autoaren direkzioa kaltetuta zegoela uste bazuten ere, ondoren bidaia jarraitu ahal izan dute Villabonako espetxeraino eta bisita gauzatu.

Etxeratek gogora ekarri duenez, oraindik ehun euskal preso inguru daude espainiar Estatuko kartzeletan, Euskal Herritik kanpo (beste hogeita bat frantziar Estatuan) eta «bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak berdin mantentzen dira». Horregatik, preso guztiak lehenbailehen Euskal Herrira hurbildu behar direla aldarrikatu du senideen elkarteak.

Hain zuzen ere, presoak etxeratzeko aldarrikapena berriro ozen entzungo da Bilboko kaleetan heldu den urtarrilaren 8an. Iaz ez zen posible izan pandemiagatik, baina 2022an bai. ‘Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako Bidean’ leloa izango du, Sarek atzo aurkeztu zuen mobilizazioa.