Asier Robles

Euskal presoen senideek azaroaren 20ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute

EH Bilduk eta euskal presoen senideek azaroaren 20ko manifestazioan parte hartzeko deia egin diote komunitate ezkertiar eta independentistari. Konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko kaleak «konpromisoz eta ilusioz» bete behar direla nabarmendu dute.

EH Bilduk azaroaren 20an antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute euskal presoen senideek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
EH Bilduk azaroaren 20an antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute euskal presoen senideek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

EH Bilduko ordezkariek eta euskal presoen senideek prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan EHUren Bizkaia Aretoan, koalizio subiranistak azaroaren 20an Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzera deitzeko.

Sonia Jacinto EH Bilduko antolakuntza zuzendariak «berdintasunean oinarritutako Euskal Herri askea erdiesteko helburuarekin» Bilboko kaleak «konpromisoz eta ilusioz» bete behar direla nabarmendu du. Azaldu duenez, hamarkadetan zehar, herri honek «urrats garrantzitsuak» eman ditu bide horretan; eman diren urrats eta aurrerapen guztiak milaka pertsonaren konpromiso eta mobilizaziorik gabe ez liratekeela posible izango gogoratu du.

«Euskal herritarren konpromisoak dira herrialdea mugitzen dutenak, konpromisorik gabe ez dago herrialderik», gogorarazi du Jacintok, EH Bilduk ere herriarekin «konpromiso argiak» dituela ziurtatu aurretik.

«Programa argia dugu herri honentzat, adostasun handietan oinarritua: erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa, justizia soziala, ekologismoa, feminismoa, euskara, antifaxismoa. Eta baita Euskal Herri demokratiko baten alde ere, non pertsona guzti-guztien eskubide guztiak errespetatzen diren. Bizikidetza demokratikoan aurrera egiteko gure konpromisoa erabatekoa da», azaldu du.

EH Bilduk norabide horretan urratsak eman dituela adierazi du Jacintok, eta emandako pauso bakoitza gatazkaren konponbidean inplikatutako eragileekin egin duela. Hala ere, Aieteko adierazpenetik 10 urte igaro ondoren, oraindik nazioarteko komunitateak herri honi utzitako gomendioak ez direla osorik bete salatu du eta Aietetik 10 urtera presoen auzia oraindik konpondu gabe dagoela gogoratu du.

«Azaroaren 20an, ezkerreko independentismoaren komunitatea osatzen duten pertsonek, beste aukera bat dute euskal gizarteari eta estatuei mezu argi bat bidaltzeko: Euskal preso politikoen auzia konpondu egin behar da. Salbuespenezko politikei amaiera eman behar zaie. Printzipio demokratiko argietan oinarritutako herriaren eraikuntzan aurrera egin behar da», azaldu du Jacintok.

Olatz Iglesias: «konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko»

Bide horretatik, Olatz Iglesias preso baten senideak azpimarratu du herri mobilizazioa eta eragile politiko, sozial eta erakundeen elkarlana izan dela euskal presoen urruntzea eta sakabanaketa indargabetzen hastera bultzatu duena.

Hala ere, oraindik bide asko egiteko dagoela adierazi du eta urrutira joan gabe, asteburuan Villabona preso baten senideek errepidean ezbehar bat izan zutela gogoratu du.

«Presoak haien espetxe ibilbide juridikoa egiten ari dira, baina ez zaie oraindik lege arrunta aplikatzen. Hirugarren gradua eta espetxe baimen arruntak ukatzen zaizkie; 19k gaixotasun larriak dituzte, beste batzuek 70 urte baino gehiago dituzte, 35ek erbestean eta deportaturik jarraitzen dute, 50 baino gehiagori ukatu egiten zaie Frantziako zigorraren urteak zenbatzeko aukera, eta dozenaka presori 7/2003 Legetik eratorritako ezkutuko biziarteko kartzela zigorra (40 urte) ezarri nahi zaie».

Horregatik guztiagatik, Iglesiasek azaroaren 20ko manifestazioan parte hartzeko deia egin du, «konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko eta pertsona guztien eskubideak errespetatzeko».