
Lisboan astelehen honetan hasi den Ozeanoen II.Konferentzian irmo mintzatu da Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia. Izan ere, ozeanoen «larrialdiaren» aurrean, «esnatzeko» eta gizartea «mobilizatzeko» garaia dela ohartarazi du.
«Mundu guztiak presioa egin dezala bere gobernuetan, udaletan, lan egiten duen konpainietan, komunitateetan eta gizarteetan, ozeanoak erreskatatzea guztiz funtsezkoa dela esateko», agindu du Guterresek 150 herrialde ingurutako ordezkaritzak bildu dituen hitzaldian. «Jendea esnarazi eta erabakiak hartzen dituztenak presionatu behar ditugu ozeanoak salbatzeko gai garela bermatzeko», azpimarratu du.
Ildo beretik, Guterresek eragile publiko zein pribatuei dei egin die ahalegin eta finantziazioa itsasoen degradazioa geldiaraztera bideratu dezaten. Era berean, bilerako anfitrioiak izan diren Kenia eta Portugalek hitzetatik ekintzetarako pausoa «aitzakiarik gabe» eman behar dela aldarrikatu dute. «Gerra eta pandemia ezin daitezke egiturazko arazoei ezikusiarena egiteko aitzakia izan», kritikatu du Portugaleko presidentea den Marcelo Rebelo de Sousak.
Jason Momoak ere, ‘Aquaman’ pelikulako protagonistak, ekintzetara pasatzea aldarrikatu du. «Aldaketaren garaia da», adierazi du UNEP Nazio Batuen Ingurumen Programako urpeko bizitzaren defendatzaile izendatua izan ostean. Era berean, Momoak aurreratu du ‘Aquaman’-en hurrengo pelikulan, estralurtarren ordez, itsas kutsadura izango dela ikus-entzunezkoaren ardatza.
Aurrea hartuta
Ordezkaritza batzuek jada itsasoak babesteko hartu dituzten neurriak aurkeztu dituzte Lisboan. Kolonbiak, esaterako, datozen egunetan bere itsas inguruaren %30 babestuko du, 2030erako ezarri diren helburuei aurreratuta. «Ez dugu 2030era arte itxarongo», esan du Ivan Duque Kolonbiako presidenteak. Horretaz gain, Duquek azaldu du neurriaren bidez 16 milioi itsas hektarea egongo direla babestuta (egun daudenaren bikoitzak) eta horietatik 9 milioi «no take» izango direla, hau da, ez dela inongo erauzketarik egingo area horietan.
Latinoamerika-CAF Garapen Bankua ere albiste batekin iritsi da Lisboara; datozen bost urteetan, Latinoamerikako eta Karibeko itsas eta eta kostaldeko ekosistemak babesten dituzten proiektuak sustatzeko 1.250 milioi dolar (1.180 euro inguru) inbertituko dituela iragarri du.
Bankuak bere historiako 54 urteetan egindako ozeanoetan zentratutako «lehen apustu handia» dela azaldu dio CAFeko presidenteak, Sergio Diaz-Granadosek Efe albiste agentziari.
Bukatzeko, Portugaleko lehen ministroa den Antonio Kostak jakinarazi du Mediterraneoko herrialdeak bere itsas aldearen %30 babesteko konpromisoa hartzen duela eta, gainera, itsasoan emisio kontrolatuen gune bat martxan jarriko duela.
Ukrainako gerra
Konferentzia ozeanoen ingurukoa izan bada ere, Ukrainako gerraren afera ezin izan dute alde batera utzi. Ruslan Edelgeriyevek, konferentzian izan den Errusiako ordezkariak, kritikatu egin du Mendebaldearen zigorrek neutralitate karbonikoaren helburuak betetzea «konplikatu» diezaioketela Errusiari epe laburrean. Hala ere, Edelgeriyevek Errusiak bere konpromisoak beteko dituela baieztatu du.
«Epe luzerako helburuak ez dira aldatzen», eta «Errusiako Federazioko presidenteak neutraltasun karbonikoa lortzeko dituen eskumenak bete egingo dira», adierazi du.
«Errusiako ekonomiaren deskarbonizazioak etenik gabe jarraitzen du. Neutraltasun karbonikoa lortu nahi dugu 2060ra arte», gaineratu du.

Ijentea 2, un edificio y dos viviendas fantasma a orillas del Boulevard de Donostia

Coppelia, la ‘catedral’ del helado en Cuba, planta cara a la crisis y a la oferta privada

Zarauzko Gurutze Gorriko komiteak dimisioa aurkeztu du Felix Zubiak zigorra jaso ondoren

El tramo del Metro entre Miraconcha y Easo alcanza ya un sobrecoste del 162,7%
