Albiste izan dira azken asteotan Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituzten errepideetan gertatutako auto ilada luzeak, lan ezberdinak pilatzen ari direlako. Egoera are zailagoa da astelehen honetan, A-15ean lur jauzia gertatu baita, Belabietako tunelaren inguruan, Donostiranzko norabidean. Horren ondorioz errepidea itxi behar izan dute alde horretan.
📢#Lur_Jausia #A15 Km 149 #Villabona-n Donostiako norantzan (Belabietako tunela) ❌Errepididea ITXITA❌
— Trafiko (@trafikoaEJGV) August 21, 2023
📢Desprendimiento en #A15 Pk 149 #Villabona-n sentido Donostia (Tunel de Belabieta) ❌Carretera CORTADA❌#Trafikoa
Iruñetik Donostiara doazen ibilgailu guztiak Berastegin aterarazi dituzte A-15etik, hortik Tolosara iritsi eta N-Ietik bidea amaitzeko. Baina jakina da alde honetan ere arazoak daudela, Andoainen egiten ari diren konponketa lanak direla eta. Norabide horretan aurrera eginda ere pilaketak gertatzen ari dira, Donostiako Loiola auzoaren inguruan. Eta aurreko asteburuan Lasarte-Orian izan ziren oztopoak, beste lan batengatik.
Egoera zertxobait arindu da 9ak aldera, Belabietako tunelean zehar bide bat irekitzea lortu dutenean, errepide osoa berriz irekitzen.
Bestalde, A-15ean jada bi ‘by-pass’ ezarriak ziren, bi tuneletan egiten ari diren lanen ondorioz. Oindolar eta Gorosmendi dira obretan direnak, baina orain ere Belabietako arazoa batzen zaie. Azken tunel hau, gainera, aurretik berritua izan zen, egitasmo zabal honen lehen fasean (beste norabidean doana konpontzea falta da, azken fasean).
Honek guztiak afekzio handiak eragin ditu. Adibide gisa, Pasaiako Portuan lan ordutegiak zabaltzeko erabakia hartu dute hilabete honetan, gauean arituz, egunean zehar kamioi handientzat debekatuta dagoelako Andoaingo zatitik pasatzea.