NAIZ

Sailkapenean are gehiago zokoratzen duen porrota jaso du Amorebietak

Zortzi jardunaldi garaipenik eskuratu gabe, hauxe da Amorebietaren errealitatea. Igande honetan, beste porrot bat jasan du etxean, Santanderreko Racing-en aurka (0-1), eta sailkapenean erabat zokoratuta daude zornotzarrak, salbaziotik 9 puntura eta bere gainetik dagoen Andorratik zortzira.

Eneko Jauregiren etsipena, Racing-en golean.
Eneko Jauregiren etsipena, Racing-en golean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Denboraldia zeharo luze egiten ari zaio Amorebietari. Beti esaten da Bigarren Maila aski gogorra eta luze egiten dela eta beheko zuloan baldin bazaude, are gehiago. Horixe gertatzen ari zaio, hain zuzen ere, Zornotzako taldeari. Azken postuan iltzatuta dago, haizerik ezin hartuta, zuloan, burumakur. Berritasunek ere ez dute suspertu eta horrela, geratzen diren hilabeteak, astunak egingo zaizkie Jandroren gizonei.

Duela zazpi jardunaldi eman zion Mujikari erreleboa Jandrok, teknikari gipuzkoarrak 20 partidetan lau garaipen soilik erdietsi zituela. Zenbakiak ez dira hobetu entrenatzaile berriarekin (bi berdinketa zazpi partidetan) eta are gehiago azpiratu da jaitsiera postuetan. Bederatzi puntura du sailkapena eta are kezkagarriago, bere gainetik dagoen Andorra bera ere jauzi handira dago: zortzi puntura, alegia.

Nahi eta ezinean murgilduta dabil, etxean zein kanpoan. Lezaman ere arrotz sentitzen da eta arerioek deserosotasun hori ongi baliatzen dute. Igande honetan, Santanderreko Racing-ek, garaipen baliotsua batu zuen, berriro ere igoera postuetako borrokara engantxatzeko. Ordu laurdena pasata, jada markagailua alde jarri du, falta jaurtiketan.

Amorebietak, gune arriskutsuan baloia galdu eta Etxeitak falta egin behar izan du, bere taldeak berriro ere lekua hartzeko. 25 metroko distantziatik, baina, sekulako zartakoa bidali du Dani Fernandezek, giza-harresia gainditu eta Pablo Campos atezaina ezustean hartuta.

Kosta zaio esnatzea Amorebietari. Orduerdia pasata gerturatu da nolabaiteko arriskuz arerioaren atera. Jauregi eta Eraso area barnealdean jausi eta kexati agertu dira urdinak, baina epaileak ez du ezer adierazi.

Azken metroetan fintasuna falta izan zaio talde bizkaitarrari. Ez du asmatu ez azken pasean ez eta erremate bakanetan ere. Eraso izan da protagonista bigarren zatia hasi eta berehala baina segituan hartu du kontrola Kantabriako taldeak. Azken txanpan, jokoa apur bat ireki egin da eta bi taldeek eduki dute aukera bana: Raycok ez du asmatu etxekoentzat eta Mboula Pablo Camposekin topatu da.