NAIZ

Banksyren zoologikoa, pareten bitartez

Ahuntza mendian gora, elefanteak leihoetan, tximinoak zubietan, otsoa uluka eta pelikanoak arrantzan, Banksyren artelan berrietan.

Londresen Banksyren bosgarren animalia agertu zen atzo.
Londresen Banksyren bosgarren animalia agertu zen atzo. (Benjamin CREMEL | AFP)

Lau egunetan gutxienez bost animaliaren marrazkiak agertu dira Londres inguruan. Banksy kale artistaren lanak izan dira denak, eta epe laburrean bere zoologiko propioa sortzea lortu du.

Abuztuaren 6an agertu ziren lehen biak, ohiko modu misteriotsuan. Aurreneko murala Richmonden egin zuen, Kew Bridge inguruan; bertan, segurtasun kamera batek seinalatzen zion ahuntz bat margotu zuen zutabe baten gainean, zutabe horretatik harriak erortzen zirela, mendiko gailur bat irudikatuz.

Bigarren artelana, Londresko hego-mendebaldean egin zuen, Chelsea kalean; bi elefante izan ziren hautatutako animaliak: bakoitza eraikineko leiho batetik ateratzen zen, eta paretan bat egiten zuten bi tronpek.

Hirugarrena, asteazkenean ikusi zuten Shoreditcheko tren geltokiko zubian: hiru tximino, zubitik zintzilik.

Laugarrenak sortu du, hala ere, harrabots handiena, margotu eta 47 minutura lapurtu egin baitzuten. Londresko Rye Laane kalean, antena paraboliko batean margotu baitzuen otsoa, ilargiari uluka.

Atzo bertan agertu ziren irudi honetako pelikanoak, arrandegi atarian arrainak arrantzatzen, Walthamstowen... eta hurrengoaren zain gaude jada.