NAIZ

Balantze ederra eginda, Zangozak Atarrabiari pasa dio Oinezaren lekukoa

Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez urteari amaiera eman dio. «Arduraz eta maitasunez bete dugu gure lana eta harro gaude gure komunitateaz». Auzolana nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete boluntario guztiei. Atarrabiak hartu du lekukoa, eta 2025eko leloa aurkeztu du: ‘Buruz, bihotzez, oinez!’.

Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolako kideak, 2025eko Nafarroa Oinezeko irudia aurkezten.
Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolako kideak, 2025eko Nafarroa Oinezeko irudia aurkezten. (NAFARROA OINEZ)

Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez urtearen balorazio positiboa egin du. Auzolana azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie boluntario guztiei. Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolak du orain 2025eko Oineza prestatzeko ardura. ‘Buruz, bihotzez, oinez!’ leloa aurkeztu du, baita irudia ere: buru deseraiki bat, non begi bat, sudur bat eta aho bat antzematen diren, bihotz bat erdian duela.

Balorazio prentsaurrekoan, Nagore Oria Telletxea Zangozako Ikastolako zuzendari pedagogikoak komunitatea, Nafarroako beste 14 ikastolak eta babesleak eskertu ditu. Auzolana suspertzea izan da aurtengo Oinezaren helburuetako bat, eta ederki bete dute: 121 familiak osatzen dute komunitatea, eta 100 pertsonatik gora ibili dira antolaketa lanetan. Oinez egunean bertan, 700 boluntario inguruk lan egin zuten.

«Lan erraldoi» horretan, komunitatea indartu eta kohesionatu dela baieztatu du

Carlos Arcelus lehendakariak Zangozako Ikastolak Zangozaldean euskara sustatzeko lanean jarraituko duela agindu du: «Euskararen, dibertsitatearen, auzolanaren eta etorkizun handiko proiektu kooperatibo eta bizi baten alde lan egiten jarraituko dugu».

Oinez eguna urriaren 20an ospatu zen baina Oinez Basoa aurrera eramateko, hurrengo hilabeteetan hiru proiektu egingo dira: zuhaitz landaketa, bi hegazti behatokien instalazioa eta saguzarrentzako kutxak jartzea.

«Desio onenekin» eta babesarekin eman diote lekukoa Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolari.

«Buruz, bihotzez, oinez!»

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatuko du 2025eko Nafarroa Oineza. Leloa ‘Buruz, Bihotzez, Oinez’ da eta logoa buru deseraiki baten irudia, non begi bat, sudur bat eta aho bat antzematen diren, bihotz bat erdian duela. Horiek aurkeztearekin batera iragarri dute Oinez dendak azaroaren 15ean irekiko dituela ateak Atarrabiako Kale Nagusian. Gainera, larunbat honetan Uharteko Itaroa merkataritza gunean izango den aurkezpen ofizialaren berri eman dute.

Aintzane Apezetxea, Paz de Ziganda Ikastolako ama eta komunikazio batzordeko kidea, eta Iñaki Erroz zuzendaria 2025eko jaiaren sinboloarekin agertu dira. «Nafarroa Oinez aipatzen dugunean, sentimendu zurrunbilo bat sentitzen dugu. Ez da euskara bultzatzeko ekimen bat soilik, ez da gure hezkuntza proiektuaren aldeko bultzada bat soilik, Nafarroa Oinez milaka familiaren lana, boluntarioa eta parte-hartzailea da. Komunitatea eginez, sinisten dugun proiektu bat sortu eta aurrera atera nahi dugunaren isla da. Buru pentsalariak dituen proiektua, baina, batez ere, bihotzak dituena eta pausuz pausu aurrera jarraitzen duena: Buruz, bihotzez, oinez», adierazi dute.

2025eko Oinezen helburuak ere zehaztu dituzte: «Ikastola izatea, hezkuntza eredu propioa; herri izatea, gizarte ekimen irekiko proiektua; euskara izatea, gure kultura biziz, bere hedapenarekin konprometituta; hezkuntza izatea, irakaskuntza prozesua bermatuz; gizarte izatea, inguruko proiektuetan inbertituz; eta jasangarria izatea, inguruko baliabide guztiak kudeatuz».

Xede horiekin bat egiteko deia egin dute, bai urtean, bai jai egunean. Auzolanean pertsona ugari ari dira dagoeneko lan komisioetan lanean, besteak beste, familiak, ikastetxeko langileak, ikasle ohiak eta lagunak.

Horrela laburbildu daiteke Paz de Ziganda Ikastola zifretan: 52 urteko ibilbidea, hirugarren Oinez jaia, 780 familia, Nafarroa osotik etorritako 1.206 ikasle eta 141 langile.