Ertzaintzak ikerketa abiatu du Bizkaiko ikastetxe batean izandako sexu-erasoengatik, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez. Ez dute kasuaren xehetasun gehiagorik eman, gaia ikertzen ari baitira.
‘El Correo’ egunkariak larunbat honetan argitaratu duenez, heldu batek sexu-abusuak egin zizkien 5 urteko bi umeri Bizkaiko ikastetxe batean. Ikastetxe horretan, Hezkuntza Sailak diseinatutako protokoloa aplikatu zen lehen unetik, eta aipatutako heldua bere eginkizunetatik aldendu zuten.
Egunkariak dioenez, umeetako batek zentroan lan egiten zuen heldu batek ukituak egin zizkiola esan zion amari. Berarekin elkarrizketa izan ondoren, bere lagun bati ere egin zizkiola esan zion umeak.
Gizona identifikatu zuten eta gurasoek bere semeak esandakoaren berri eman zioten ikastetxeko zuzendaritzari azaroaren 26an, asteartean, eta salaketa jarri zuten Ertzaintzan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, haurren familiei eta zentroko zuzendariari deklarazioa hartu die, eta ikertu gisa deklaratu du salatutako gizona, ‘El Correo’-ren informazioaren arabera.
Momentuz, Lakuako Segurtasun Sailak ez du kasuaren xehetasun gehiagorik eman.