Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Ijentea 2-ko lanak gelditu dituzte baimendutakoa baino etxebizitza gehiago egiteagatik

Donostiako Ijentea kaleko 2. zenbakian egiten ari diren obrak gelditzeko agindu du Udalak, baimenak zehazten duena baino etxebizitza bat gehiago egiten ari direlako. EH Bilduk Amenabar enpresak duen egitasmo honetan irregulartasunak daudela salatu zuen astelehenean.

Ijentea kaleko 2. zenbakian egiten ari diren obrak.
Ijentea kaleko 2. zenbakian egiten ari diren obrak. (EH BILDU DONOSTIA)

Ijentea kaleko 2. zenbakian egiten ari ziren obrak gelditu ditu Donostiako Udalak, baimendutako etxebizitza kopurua gainditu delakoan. Eraikin zaharra eraberritzen ari dira Bulebar eta Udaletxearen aurrean eta Amenabar promotorak 26 etxebizitza egiteko baimena du, baina Udalak egin duen ikuskatzearen ondoren 27 egiten ari zirela ikusi dute. Orain arte hamaika etxebizitza zeuden bertan. Amenabarrek bere webgunean azaltzen duenez, promozio honetako etxebizitzen %85 dagoeneko salduta ditu.

Erabakiaren berri gaur eman dute komunikabideek, baina atzo EH Bilduk eraikin honetan irregulartasunak ematen ari zirela salatu zuen ohar baten bidez.

Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak azaldu zuenez, eraikin horretan «estalki bat jarri zen iaz, eta bertan zehazten zen eraiki beharreko etxebizitzak 26 zirela, baina gero aldatu egin zen gaur egun jarrita dagoenagatik. Bertan, 27 etxebizitza sustatzen dira, nahiz eta lizentzia aldatu ez».

EH Bilduren salaketa

EH Bilduk gaineratu zuenez, «erakinaren obren-aurreko egoera zehazten duen planoan irregulartasunak daudela adierazi du; izan ere, marmolezko eskailera batzuk desagertu dira, nahiz eta fisikoki existitzen diren edo ziren».

Lurraldearen Garapen eta Planifikazio batzordean Ijentea 2-ko eraikinari buruzko galderak egin zituen EH Bilduk astelehenean. ‘Diario Vasco’ egunkariak dioenaren arabera, Hirigintza arloko zinegotzi Nekane Arzallusek obrak gelditzeko sinaturiko aginduak hilaren 4ko data du. Bertan, 26 etxebizitzetatik 27ra pasa direla eta tabikeak, igogailuak eta etxebizitzen distribuzioa ere aldatu dituztela adierazten da.

Obren debekuak eraikinaren lehen solairuari eragiten dio. Honekin batera 500 eta 5.000 euro arteko isuna ekar dezakeen espedientea martxan jarri da. Dena den, gaizki egindakoak zuzentzeko aukera dauka enpresak, proiektu berri bat eginez eta baimen berria eskuratuz.

Amenabar enpresak etxebizitzak eraikitzeko promozio gehiago ditu Donostian, ‘Diario Vasco’ egunkariaren aintzinako egoitzan edo Infernuan.

Enpresak egunkari horri azaldu dionez, 27 etxebizitza egiteko baimena lortzeko proiektua egiten ari dira dagoeneko «araudiak etxebizitza kopurua handitzeko aukera ematen duelako».

Neurriak hartzeko eskatu du EH Bilduk

Erabakiaren berri jakin ondoren, Burutaranek larritzat jo du jazotakoa, udaletxearen aurrean gertatu delako. Beste behin hiritarren edo talde politikoen salaketen ondoren erabakiak hartzen direla nabarmendu du eta Udalari horrelakoak berriro gertatu ez daitezen neurriak hartzeko eskatu du.