Eider Perez Aristizabal oreretarra baldintzapeko askatasunean geratu da, Etxeratek jakinarazi duenez.
Auzitegi Nazional espainiarreko Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez geratu da aske, 23 urteko espetxealdiaren ostean.
Oreretarrak iragan otsailean eskuratu zuen hirugarren gradua eta joan zen ekainetik baliabide telematikoen bidez bete du kartzela zigorra.
Preso egin dituen urteetan dispertsio politikaren krudelkeria jasan du Eider Perezek, beste ehunka euskal preso politikok bezala. 2001eko martxoan Errenterian bertan atxilotu eta espetxeratu egin zuten, ETAko kide izatea egotzita. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
2022ko azaro hasieratik Martuteneko presondegian zegoen eta iaz bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Aurretik Kordoba eta Algecirasko kartzeletan izan zuten, Euskal Herritik 865 eta mila kilometrora, hurrenez hurren, 2021eko martxoan Zaragozako Zuerara lekualdatu zuten arte. Gobernu espainiarrak 2020ko abenduan iragarri zuen 48 euskal preso gerturatuko zituela, baina erabakia ez zen gauzatu martxora arte, Etxeratek egoera salatu eta gutxira. Eider Perez bera talde hartan zegoen.
Bere seme Garikoitzek ere pairatu behar izan zituen urruntze politikaren ondorioak eta, 7 urte besterik ez zituela, Kordoban ama bisitatzeko 865 kilometro egin behar izaten zituen, beste 140 kilometro Sevillan preso zegoen aitarekin egoteko eta ondoren 925 Euskal Herrira bere etxera itzultzeko. Egoera hura gogor salatu zuten oreretarrek.
Eider Perez Aristizabal Oreretako preso politikoa Baldintzapeko askatasunean geratu da https://t.co/fnutRO1bvV #Etxera pic.twitter.com/UKv905rbMg
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) December 12, 2024