Lakuak Etxerat elkarteari emandako diru laguntza baten aurka egin du orain Urquijok
Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak helegitea aurkeztu du Lakuako Gobernuak Etxerati emandako ia 9.000 euroko laguntza baten aurka. Espetxeetan hezkuntza eskubidea bermatzeko helburua zuen proiektu bat aurkeztu zuen elkarteak diru laguntza jasotzeko.
Estatu espainoleko Abokatutzaren bitartez, Lakuako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak Etxerat elkarteari emandako laguntzaren aurkako helegitea aurkeztu du Carlos Urquijok.
Bakea, elkarbizitza eta giza eskubideen alorrean ari diren eragileei laguntza emateko programa baten parte zen eman zitzaion diru hori Etxerat elkarteari, espetxeetan hezkuntza eskubidea bermatzeko proiektu bat garatzeko.
Gobernu espainoleko ordezkariaren aburuz, Etxerat ezin da hartu «bakearen eta giza eskubideen alde» ari den elkarte bat bezala eta, hortaz, espetxeetan hezkuntza eskubidea bermatzeko programa horrek ere ez luke xede hori edukiko.
Lakuako Gobernuak espetxeetako hezkuntzaren gainean eskumenik ez duela ere gogoratu du Urquijok.
Azkenik, diru laguntza hori eman izanak «terrorismoaren biktimak babesteko legea» urratzen duela azpimarratu du.