Aldaketaren erronkak mahai gainean jarri dituzte Iruñean, Iratzar Fundazioaren eta UEUren eskutik
Oraintxe bete da urtebete Nafarroako instituzioetan aldaketa politikoa gauzatu zenetik. Horren balantzea egiteko eta, batez ere, egungo egoera eta aurrera begira aldaketaren aldekoek dituzten erronkak eztabaidatzeko, Iratzar Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean ikastaroa antolatu zuten atzo Kondestable jauregian.
Nola ez, igandeko hauteskundeak eta aldaketaren indarrek izan zituzten emaitza txarrek jardunaldiaren eztabaidetan eragina izan zuten, bai jauregiaren barruan, bai hortik kanpo. Katakrak-en izan ziren otorduetan, adibidez. Aldaketaren abiadura behar bestekoa ote den, alderdien arteko harremanak nolakoak ote diren, erregimenaren indarren birkokapena… hitzaldien osteko interbentzioetan eta atsedenetako talde txikietan horiek izan ziren, besteak beste, kezka eta iritzi gehien bildu zituzten auziak.
Goizez, Oskia Ugarte moderatzaile zela, Bixente Serrano Izkok, Emilio Majuelok eta Floren Aoizek aldaketa ikuspuntu historiko batetik aztertu zuten, aurrekariak planteatuz. UPNren politika baztertzaileak, trantsizioaren ajeak eta erregimenaren bestelako fartsen antologia egin zuten historialariek. Aldaketaren izaera politikoa nabarmendu zuen Majuelok «gobernu garbia» aldarrikatu eta abiadura azkartzeko beharra aipatu zuen; Izkok eliteen ahuldadea eta Aoizek jendarteak aldaketan izan duen protagonismoa azpimarratu zituzten. Aurrerantzean erregimenaren aldetik kontraerasoa indartsuagoa izango dela aurreikusten dute. PSNren jokabidea ere aipatu zuten, noski.
Ondoren, Hedoi Etxarteren gidaritzapean, Ivan Gimenezek, Iñaki Sotok, Joserra Senarrek eta Hibai Fernandezek aktualitatearen ikuspuntutik herrialdean dauden aldaketaren aldeko korronteei eta hauek dituzten barne eta kanpo erresistentziei buruz mintzatu ziren. Herri mugimenduaren eta erakundeen arteko harreman gatazkatsua izan zen eztabaidagaietako bat.
Euskararen auzia
Euskara izan da erregimenak azkenaldian nabarmen hartu duen lubakia. Gobernuan ere zalantzak ikusi dira gai honen inguruan. Beraz, badago kezka bat euskararekin egiten ari den lanari buruz, baita egiten ez denari buruz ere. Arratsaldean auzi hau izan zuten aztergai Garbiñe Petriatik, Jon Alonsok, Sagrario Alemanek eta Dabid Anautek. Reyes Ilintxeta izan zen moderatzailea. Gobernu akordioaren mugak mahai gainean jarri zituzten. Hari horri tiraka, abiadura ez ezik aldaketaren indar batzuek euskararekiko duten jarrera ere kezkagarria da euskalgintzarentzat, eta honek Gobernuan duen eragina ere bai.
Aldaketaren aurreko aukeren eta ondoren izan den dezepzioen arteko aldea atera zen. Zenbait alorretan kalearen eta erakundeen arteko elkarlanak funtzionatu duela aipatu zuten, haur eskolen gaian, adibidez.
Hitzaldiak ikusi nahi dituenak www.berria.eus/berriatb webgunean ditu osorik. Planteamendu orokor eta ezagunez harago, ñabarduretan eta plazaratu ziren auzietan gauza interesgarriak topa daitezke, datozen urteetan Nafarroan ikusiko diren politika eta gatazken ikuspegia iradokitzen dutenak.