INFO

Euskal hiztunen %56ak parte hartzen du euskarazko kultur jardueretan

Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlan baten arabera, Euskal Herriko euskal hiztunen %56ak parte hartzen du euskarazko kultur jardueretan. Kontsumoa bereziki musikaren alorrean igo da azken urteotan.

Aitziber Atorrasagasti, Bingen Zupiria eta Joxean Muñoz. (Gorka RUBIO / FOKU)

Euskal Herriko biztanleriaren ia laurdenak eta euskal hiztunen erdiak kontsumitzen ditu eusakrazko kultur produktuak.

Parte-hartzea bereziki nabarmena da honako sektore hauetan: musikan (euskal hiztunen % 83,5ek entzuten dute euskarazko musika, orain dela 10 urte baino 15 puntu gehiago), antzerkian (euskal hiztunen % 40 izan dira euskarazko antzezlanetan azken urtean, orain dela 10 urte baino 12 puntu gehiago) eta bertsolaritzan (euskal hiztunen % 31 izan dira bertso-saioren batean azken urtean, duela 10 urte baino 14 puntu gehiago).

Joxean Muñoz Kulturako sailburuordearekin eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera, Zupiria sailburuak azaldu du Donostian egindako agerraldian Gasteizko Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eginkizuna dela euskal kulturaren inguruko parte-hartzearen eta kontsumoaren errealitatera hurbiltzea, eta balioa eman dio norabide horretan Kulturaren Euskal Behatokiak egiten duen lanari: «Euskararen Nazioarteko Egunaren eta Durangoko Azokaren atarian, gure herriko praktika kulturalen errealitatea zein den aztertu nahi izan dugu. Kasu honetan, zehazki, herritarrek euskaraz egiten diren kultur jarduera eta ekimenetan duten parte-hartzea aztertu nahi izan dugu. Kulturaren Euskal Behatokiaren lanak eta gaur publiko egiten ditugun datuek aukera ematen digute orain dela 10 urte genuen egoerarekin konparazio bat egiteko. Eta lehenengo ondorioa da euskal hiztunek eta gizarte osoak neurri handiagoan parte hartzen dutela euskaraz egiten den kulturan».

Aurkeztutako azterlanaren jatorria Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Herrian egindako parte-hartze kulturalari buruzko lan zabalago bat da, laster argitaratuko dena. Lan horrek, halaber, badu aurrekari bat: 2008an egindako antzeko azterlan bat (‘Euskal Herriko kultura-ohiturei, praktikei eta kontsumoari buruzko 2008ko inkesta’).

Lan hura funtsezko erreferentzia izan da gaur aurkeztutako irakurketa alderatua egiteko. Gaur aurkeztutako azterlanaren kasuan, aldiz, euskarazko kultur praktikak hartu dira erreferentzia bezala (gainontzeko datuak datozen asteotan aurkeztuko dira). Inkesta egiteko Euskal Herriko 15 urtetik gorako 6.296 lagunez osatutako lagina hartu da.