Zaldibarko auzia «bigarren mailara» igaro dela diote senideek eta lanak ez eteteko eskatu dute
Beltran eta Sololuzeren familiak haien atsekabea adierazi dute Zaldibarko zabortegiko luizian harrapatuta geratu ziren langileak ez dituztelako oraindik topatu, eta kezkatuta agertu dira, auzia «bigarren mailara» igarotzen ari delako.
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze Verter Recycling zabortegiko langileak lur-jausian harrapatuta geratu zirenetik hilabete igaro berritan, langile hauen hogeitik gora senidek agerraldia egin dute zabortegiaren sarreran. Azpimarratu dute Sololuze eta Beltran «lanean ari zirela» desagertu zirela, «leku jakinean». «Geurea baitzik ez dugu eskatzen, gorpuak, eta gertatutakoa argitzea», berretsi dute.
Helene Alberdi eta Olaia Alberdi Alberto Sololuzeren ilobek hartu dute hitza, senideak ordezkatuz. Beraien kezka adierazi dute, ikusten dutelako denbora pasa ahala, auzia «bigarren mailan geratzen ari dela». «Azpimarratu beharrean gaude haien desagerpenak bere horretan dirauela, hau da, lurpean jarraitzen dutela eta gure oinazea gero eta minago, larriago eta jasanezinagoa dela», agertu dute.
Eskerrak eman dizkiete erreskate lanetan ari diren beharginei eta azken hilabetean herriz herri mobilizazioetan parte hartu duten herritarrei. Bestalde, haien lehentasuna «lehenbailehen» gorpuak aurkitzea dela esan dute, eta lanak ez eteteko galdegin diete instituzioei.
«Orain dela hilabete amildu zen zabortegia Alberto eta Joaquinen gainera, eta harrezkero, gu ere zabor artean bizi gara. Otsailaren 6ko hartan, nork pentsatuko zuen gure minak hain luze jo behar zuenik?», esan du Olaia Alberdik.