INFO

Aroztegia geldiarazteko mobilizazioekin jarraituko dute hurrengo egun eta asteetan

Nafarroako Gobernuak herritarren hitza ez duela errespetatu salatu dute herritarrek eta Aroztegia makroproiektua geldiarazteko helburuarekin hainbat mobilizazio antolatu dituzte, asteburu honetarako eta maiatzaren 15erako.

Asteazken honetan Baztango herritarrek eginiko prentsaurrekoa. (NAIZ)

Aroztegia geldiarazteko helburuarekin sortutako herri ekimenak asteazken honetan iragarri du hurrengo egun eta asteetan, covid-ak eskatzen dituen neurriak errespetatuz, hainbat mobilizazio egingo dituztela, eta hauetan parte hartzeko deia ere egin du.

Apirilaren 16an, 15.30ean, Lekarozko plazan elkartuko dira, Aroztegiako eremuan akanpada bat egiteko; apirilaren 17an, 17.00etan, Lekarozkoplazan elkarretaratzea egingo dute; eta maiatzaren 15ean, 17.30ean, manifestazioa Elizondoko Plazatik.

Ekimenaren iritziz, krisi sozio-klimatikoari aurre egin beharrean, Nafarroako Gobernua «diru eta baliabide publikoak lurra suntsitzeko» erabiltzen ari da. «Honek ez dio gure lurra eta paisaiari bakarrik eragiten; bailarari lotuta bizi den herri baten ohiturak eta bizimodua desegin nahi dituzte», gaineratu dute, beste hainbat arlotan ere eragina agerikoa izanen litzatekela erantsiz: «Adibidez: hizkuntzan, nekazaritzan, etxebizitzan, eta nola ez, gure baliabide naturaletan ere nabarituko zen».

Aroztegia makroproiektuak 350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen duela gogoratu dute herritarrek, Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direnean.

Beraz, «parke tematikoaren itxura eman dioten» proiektu honek «herri baten desagerpena» ekarriko duela salatu dute, eta egoeraren larritasuna agerikoa dela, ez baita «halako proiektu bat martxan jartzen duten lehendabiziko aldia».

Ildo horretan, turismoaren izenean espainiar eta frantziar Estatuen menpe dauden «herrien desertifikazioa» salatu dute, eta, beste behin, estatu horien «izaera kolonialista» agerian gelditu dela.

Nafarroako Gobernuak Aroztegiako proiektua UGEP (Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana) bezala bideratu duela azaldu du ekimenak. Modu honetan, Baztango Udalari «erabakitzeko eskumena ebatsiz eta bereak dituen lurrak eta baliabide komunalak, enpresa pribatu bati ematea ahalbidetuz».

«Baztango lur publikoak ez dira kaltetu bakarrak, bertako nekazariek ere beren lurrak galdu baitituzte. Berriz ere, botere instituzionala erabiltzen ari dira herritarrak babestu beharrean, proiektu hau indarrez inposatzeko», gaineratu dute.

Hala, «herri bezala» proiektu honen kontra daudela adierazten urteak daramatzatela gogoratu dute, baina «ez gaituzte entzun nahi». Honen aitzinean, «Nafarroako Gobernuari eta bera babesten duten alderdi guztiei zilegitasun sozialik ez duen UGEP hau geratzeko» eskatu diete.

Izan ere, Gobernuaren betebeharra herriaren hitza errespetatzea dela diote eta, zentzu horretan, Nafarroako Gobernuak bere eginkizuna betetzen ez duenez, proiektua gelditzeko «gure esku dagoen guztia» eginen dutela iragarri dute.

Egoera honi aitzin egiteko, hurrengo egun eta asteetan aipatutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.