INFO

Gasteizen eta Donostian, egindakoak eta erronkak aztertuko ditu Argituz erakundeak

Argituz erakundeak hainbat jardunaldi antolatuko ditu ekainaren 17, 18 eta 19an Donostian eta Gasteizen. Bertan, egin diren prozesu desberdinak aztertu eta eskubide desberdinak zein neurriraino betetzen diren jarriko dute mahai gainean.

Argituz erakundeak astebururako jardunaldiak aurkeztu ditu. (ARGITUZ)

Argituz, Giza Eskubideen Aldeko erakundeak, Gasteizen eta Donostian datozen egunetan egingo dituen jardunaldiak aurkeztu ditu gaur. Donostian ekainaren 18an eta 19an egingo dituzte. Gasteizen, berriz, 17an, 18an eta 19an.

‘Memoria eta Egia jakiteko mekanismoak. Esperientzia lokalak eta globalak’ izenburuarekin orain arte egindako prozesu desberdinak aztertuko dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Prozesu horren oinarrian Gipuzkoako hainbat herritan egindako lana dago non, antolatzaileen hitzetan, «errespetua eta bizikidetzaren prozesuak ireki diren».

Bertha Gaztelumendi, Argituz elkarteko bozeramaileak, «egin diren prozesu desberdinak aztertzeko momentua dela» nabarmendu du, eta horretarako, hainbat alkate eta adituren bizipenak bilduko dituzte.

Juan Ibarrondok, bestalde, Gasteizko jardunaldiak aurkeztu ditu. Eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta inguruneari dagokionak zein neurriraino betetzen diren jakiteko Behatokia sortzea ezinbestekotzat jo du. «Eskubide horiek nazioarteko legediak babesten ditu eta jakin nahi dugu Gasteizen zenbateraino betetzen diren».

Bestalde, aurreratu du gizarte mugimenduen inplikazioa «erabakigarria» izango dela lan horretan. «Sarean egin nahi dugu lan mugimendu sozialekin. Behatokia zerbaitetarako baliogarria izango bada, mugimendu hauen salaketak eta proposamenak bideratzeko izango da».