INFO

Gasteizko egoitza batean hogei positibo atzeman dituzte

Gasteizko egoitza pribatu bateko 20 lagunek, egoiliarrak eta langileak, positibo eman dute koronabirusean. Guztiak txertatuta zeuden. Bat erietxean ingresatu behar izan dute baina gainerako guztiak asintomatikoak dira.

Gasteizko Albertia Campus egoitza.

Gasteizko Albertia Campus egoitza pribatuko hamahiru egoiliar eta zazpi langilek positibo eman dute covid-19 gaitzean, Arabako Foru Aldundiko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez. Guztiak txertatuta zeuden, praktiketan zeuden bi ikasle izan ezik, hauei PCR proba egin zieten lanean hasi baino lehen eta negatibo eman zuten.

Albertia Campus Nieves Cano kalean dago, unibertsitateak dauden inguruan. Positibo eman duten egoiliarretatik aurrez beste patologia batzuk zituen bat ospitaleratu egin dute eta gainerakoak asintomatikoak dira.

Nolanahi ere, besteen isolamendua errazteko eta egoitzan toki gehiago izateko erabiltzaileetako lau Zadorra egoitzako covid solairura eraman dituzte.

Oraingoz ez dakite covid agerraldiaren iturria zein den, izan ere positibo eman duten guztiak txertatuta zeuden.

Albertia Campus egoitzak 45 lagunentzako tokia du eta bertan 38-40 pertsonak lan egiten dute. Zuzendaritzatik adierazi dutenez, asteazken eta ostegun artean bigarren baheketa bat egiteko asmoa dute, ea positibo gehiago atzematen diren.

Bertatik azaldu dutenez, zentro horretan otsaila hasieratik –txertaketa prozesua bukatu zutenetik– egin dituzten PCR guztiek negatibo eman dute, horregatik «harrituta» daude agerraldi honengatik.

Duela bi aste beste koronabirus agerraldi bat izan zen Gasteizko Sanitas egoitzan, hau ere pribatua. Bertan medikuen gomendioz txertoa jaso ez zuen erabiltzaile bat hil zen, beste patologia batzuk zituena, eta beste bost lagunek positibo eman zuten baina asintomatikoak ziren.