Itzuliko antolatzaileak pozik agertu dira nazioarteko talderik onenak lehiatuko direlako
Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileak «pozik» agertu dira goi-mailako txirrindulariek parte-hartuko dutelako txapelketan. Alpecin-Feniz eta Team Arkea taldeak ez dira egongo azkenean. Apirilaren 4an hasiko da Hondarribian eta 9an bukatuko da, Arrateko igoerarekin (Eibar).
Euskal Herriko Itzulia txapelketako antolatzaileak pozik agertu dira aurtengo edizioan berriro ere «nazioarteko egutegiko talderik onenek eta, ziur, txirrindulari onenek» lehiatuko dutelako. Hala azaldu da Julian Erasok, UCI WorldTour egutegiko euskal lasterketa antolatzen duen OCETA enpresako presidenteak.
Proba apirilaren 4an hasiko da Hondarribian eta 9an bukatuko da da Eibarren, Arrateko igoerarekin. UCI WorldTeams nazioarteko lehen mailako 18 taldek hartuko dute parte, tartean Astana, Ineos, Bahrain, UAE, Jumbo-Visma, Quick-Step, Movistar...
Munduko bigarren mailan aritzen diren (ProTeams) bost talde ere gonbidatu ditu antolakuntzak, Euskal Herriko Euskaltel-Euskadi, Caja Rural-Seguros RGA eta Kern Pharma eta baita Burgos-BH espainiarra eta Total Energies frantziarra.
Alpecin-Fenix eta Team Arkea-Samsic taldeak ere gonbidatu zituztenen hasiera batean, «2021eko UCI rankingean sailkatu zirelako», baina bi taldeek uko egin zioten gonbidapenari. Hala, denera, 23 talde lehiatuko dira.
Horrekin guztiarekin, urtero bezala, Itzuliak munduko eta nazioarteko tropeleko talderik onenak izango ditu, eta antolakuntza «pozik» agertu da. Gainera, Erasok zehaztu du, bereziki pozten duela etxeko eta Estatu espainoleko taldeen presentzia mantentzea.
Horren harira, «UCI ProTeams taldeei aukera ematea oso garrantzitsua» dela uste du, "maila bikaina dutelako eta egunero ikuskizuna ematen dutela erakusteko».
Emakumezkoen Itzulia
Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia aurten da egitekoa historian lehen aldiz. Oraindik, baina, data besterik ez dago zehaztuta. Maiatzaren 13ik 15era bitartean lehiatuko da eta azken etapa Donostian izango da, Donostiako Klasikoaren ordezko gisara.