INFO

Turkiako gau iluna atzean utzi eta Alemanian esnatuko da Gernikarentzat Europako egun berria

Seigarren urtez jarraian jokatuko du Eurocupa Lointek Gernika Bizkaiak, eta iaz ez bezala, aurten askoz multzo normalago bati egin beharko dio aurre. Ligako azken bi partidak galdu eta gero, ez dute Alemanian kale egin nahi Anna Montañanaren neskek.

Iazko eskarmentua aldean, Europan ere berotasuna nahi du Lointek Gernika Bizkaiak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

2022/23 denboraldi honetan Euskal Herriko emakumezkoen saskibaloi taldeek Europan jokatzeko ordua iritsi da. Ostegun arratsaldean jokatuko dute nola IDK Euskotrenek hala Lointek Gernika Bizkaiak. Donostiarrek Lyonen egingo dute debuta 20.00etan Asvel Villeurbanne indartsuaren kantxan, baina ordurako amaitzear egongo da bizkaitarrek Alemanian jokatu behar duten neurketa, Rutroknik Stars Keltern taldearen aurkakoa, 18.30etan hastekoa baita.

Egia da hilaren hasieran Anbereseko Phantoms Baskets taldearen aurka joan-etorriko kanporaketa gainditu behar izan zuela talde bizkaitarrak, orotara 81 puntuko aldeaz irabaziz, gainera. Baina aurrekanporaketa bat zen hura eta orain bai, H multzoan debuta egingo du, Umana Reyer Venezia italiarrak eta Madrilgo Estudiantesek elkarren aurka jokatuko duten bitartean.

Ezin esan talde erraza egokitu zaionik Anna Montañanak zuzentzen duen taldeari, baina iaz Europan barrena pasa behar izan zituenak aintzat hartuta, egokitu zaion arerio multzoa ia «eskasa» dela baieztatu liteke. Gogoan izan behar da iaz bizkaitarrak taldeburu izendatuta zeudela Eurocupeko zozketa egitean, eta pentsa zitekeenik multzorik gogorrena eta zitalena egokitu zitzaion: La Roche Vendee, Flammes Carolo eta Virtus Bolonia izan baitziren gernikarren aurkariak.

Oroitzapen ezerosoak

«Taldeburu zarelako talde errazagoa tokatuko zaizulakoan joan eta hara! Gero parean den horren kontra jokatu behar eta begira zelakoak egokitu zitzaizkigun! Ez zioten alperrik ‘Heriotzaren Multzoa’ izena ipini!», gogoratzen zuen orain min hartuta dagoen Marta Alberdik joan den denboraldiaren errepasoa egiterakoan. «Hala ere, aurrera egin genuen!», erantsi zuen hegaleko bizkaitarrak, nahiz eta hirugarren postuan amaitu multzoa eta hasiera baten ustez kalean geratu ostean.

Izan ere, iazko Eurocupa egun beltz amaiezin baten antzekoa izan zen bizkaitarrentzat. Dela aurkarien maila, dela covid-19 kasuak, dela antolatzaileen pulamentu falta zein sailkatzen zen eta zein ez argitzeko unean... eta horri guztiari Mersin Çukurova talde turkiarraren aurkako kanporaketa famatua. Zorionez, turkiarrek aurten Euroligan jokatuko dute eta bakea emango dute Bizkaiko lurrean, nahiz eta Malosten sekulako –eta ezusteko– belarrondokoa eraman zuten, eta pasa den urtarrilaren 4an Lointek Gernika Bizkaiari aspaldion FIBA saskibaloiak ontzat jo duen segadarik eskandalagarrienetako bat antolatu behar izan zuten pronostikoak bete eta lehiaketan aurrera egiteko. «Amaitu da zuen ametsa. Esnatu lozorrotik!», bezalako mezuak jaurtiaz gero gainera, bizkaitarren protestei erantzuteko –finalerdietan amaitu zen turkiarren ibilia Eurocupean, eta orduan ere sesioa izan zuten, porrota onartu ezinik–.

«Europari ezetz esaten badiogu, akabo! Orduan bai irabazi digutela», erantzuten zuen, oraindik ere haserrea baretu ezinik, Gerardo Candina gernikarren presidenteak. «Karmak zeozer zor digu», gaineratzen zuen Roso Buch eskoltak eta tira, aurrekanporaketan behintzat garbi geratu zen Gernikak Europan seigarren urtez segidan muturra sartzeko erabateko intentzioa zeukala.

Orain, Nogaye Lo gabe eta Marta Alberdi gabe ekin beharko dio Europako lehiaketari, orain arte partidarik galtzeke dagoen aurkari baten kontra gainera. Izan ere, Rutroknik Stars Keltern taldeak jokatu dituen hiru neurketak irabazi baititu: 64-73 Hamburgoren aurka, 100-64 Friburgoren aurrean etan pasa den asteburuab, 73-98 egurra eman zion Berlingo Albari.

Berriro irabazten hasi

«Araski eta Benbibreren kontra galdu eta gero, sentsazio onak berreskuratzeko aukera ona da Europako partida hau», iritzi dio Itziar Ariztimuñok neurketa jokatu bezperan. «Europan jokatzeak motibazio handia sortzen du esperientzia oso ona delako. Bidaiatzea, beste saskibaloi mota ezberdinak ezagutzea... oso gustagarria da. Egia da epaileek Ligan baino kontaktu maila handiagoa onartzen dutela, baina hargartik, intentsitatez gainezka jokatu beharko dugu eta beraz, oso kontzentraturik jokatu beharko dugu», gaineratu du antolatzaile bilbotarrak.

Anna Montañana entrenatzailearentzat, aurrekanporaketa aparte utzita, estreinako aldia izango da ere Gernikako aulkiaren buruzagitzan Eurocupean. «Azken bi partidak galdu ditugu eta horrek ez dio onik egingo taldeari Europako partida honi begira, baina etxetik kanpo konfidantza berreskuratzeko ahal bait arinen lortu behar dugu garaipenen bat. Ez dugu Alemaniano saskobaloia askorik ezagutzen, baina talde luzea dute, tartean Alemaniako hiritartasuna lortu duten zenbait jokalari atzerritarrekin, eta horrek lanak zailduko dizkigu», esan du, bestalde, entrenatzaile valentziarrak.

Alemaniarrek Endesa Ligan eskarmentua duten hainbat jokalari dituzte taldean. Alinna Hartmanek Kanaria Handian jokatu zuen eta Emmanuella Mayonbok Tenerifen. Gainera, belauneko lesio larri bat atzean laga berri duen Marina Marcovicek, Esteponan jokatu du azken hiru denboraldietan, Estatu espainoleko bigarren mailan.

Hala ere, alemaniarren erasoko bi erreferentziak bere bi jokalari estatubatuarrak dira: Oshlynn Brown eta Adrienne Webb. Webb esperientzia handiko jokalaria da Europan, maila ona eman du Errumania edo Bulgaria bezalako bigarren mailako ligetan eta badaki zer den Eurocupean jokatzea. Joan den denboraldian batez beste 11 puntu, 3,2 errebote eta 3 asistentzia lortu zituen Bieloerrusiako Minsk taldearekin. 23 urteko Oshlynn  Brown, bestalde, NCAAn izen ona irabaztetik dator.

Horrez gain, Alexandra Wilke eta Linn Schuller jokalari alemaniarren oinarri sendoa dute, Alex Kiss-Rusk, Marina Marcovic, Veronika Remenarova eslovakiako selekzioko jokalaria eta Matea Tavic bezalako beste zenbait kiderekin batera.

BLMA nagusi K multzoan

IDK Euskotrenen multzokide diren Zaminy Brno txekiarrak eta BLMA frantsesak ligaxkako aurreneko partida jokatu dute asteazken honetan. Bi luzapen behar izan ditu norgehiagokak, eta hirugarrena ia, minutu baten faltan emaitza 85na berdinduta zihoalako. Alabaina, azkenean Montpellierreko «gazelak» 87-90 nagusitu dira.

Partidaren ekimena BLMAk eraman du hamarretik zortzitan, baina azken laurdenean talde txekiarrak markagailua irauli eta 61-53 aurreratu da. Hayley Peters –Gironan eta Carolo Basketen eskarmentua duen pibota– izan da frantsesen salbatzailea une zail horietan. Orotara, pibot estatubatuarrak 34 puntu eta 14 errebote pilatu ditu, baina ez du asko behar izan Brnoko taldeak neurketa irabazteko. Minutu baten faltan 68na berdindu dute etxekoek Knezevicen hiruko bati esker eta 8 segunduren faltan azken aukera bat izan dute txekiarrek irabazteko, kale egin duten arren.

Urduritasuna nagusi izan da handik aurrera. Aurreneko luzapenean BLMA aurreratu bada ere, 73-72 jarri dira etxekoak Zaplatovaren bitartez. Hantxe eten da, ordea, txekiarren iturria eta minutuz behetik falta dela 73-77 jarri direnean «gazelak», dena erabakita zegoela zirudien. Bai zera! Elisa Cunanek hirukoa sartu du eta partida pil-pilean jarri du ostera ere. Hayley Peters berak jaurtiketa libre bat hutsegin du eta azken segunduan, 78na berdintzea lortu dute Brnokoen Bria Holmesen barneraldi bat medio.

Bigarren luzapenean ere bataren partida alde zein bestearen alde erortzeko moduko jokaldiak gertatu dira, baina azken minutuaren barruan Mamignan Toure hegalekoak –16 punturekin amaitu du– sartu duen hirukoak markagailua 85-88 jarri du eta orduan bai, orduz geroztik Zabiny Brno nahi eta ezin aritu da, oraingoan Petersek ez baitu kale egin jaurtiketa libreen marratik.

Bada, IDK Euskotreneko kideek ikusi ahal izan dute zernolako arerioak dauden bere multzoan, eta Asvel Villeurbannez gain, besteek ere ondo jokatzen dakitela konturatzeko modua izan dute.