INFO

Gernikak Gorzowi berriro irabazi behar dio puntu batengatik garaipena eskuratu ostean

Talde bizkaitarrak Polonian jokatuko du asteazken honetan Eurocup Women txapelketako final-hamaseirenetako kanporaketako itzuleko neurketa. Malosten 79-78 irabazi zuten gernikarrek eta sufritu nahi ez badute, garaipena erdietsi beharko dute berriro ere kalitate handiko aurkariaren aurka.

Gernikak gogotik lan egin beharko du Gorzowi berriro irabazteko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak erronka handia du asteazken honetan (18.00, ETB4) Enea Gorzow talde poloniarraren aurka. Joaneko neurketan Anna Montañanaren jokalariek garaipen garrantzitsua lortu zuten, baina puntu bakar batengatik izan zen (79-78) eta, beraz, bihar arratsaldean sekulako lana egin beharko dute aurkariak puntu hori ez gainditzeko. Beraz, esan daiteke, garaipena bakarrik balio diela gernikarrei.

Jokalariak Poloniaraino egin behar dute bidaia luzea eta horri joaneko neurketa gogorra gehitu behar zaio. Itzulekoan beste horrenbeste espero dute bizkaitarrek, baina Sandra Ygueravide valentziarrak bere maila mantentzen badu –joanekoan 29 puntu sartu zituen, hiruko marratik bederatzi jaurtiketetatik zazpi sartuz–, bide erdia eginda edukiko dute ziur aski.

Joko antolatzailearen partida bikainaz gain, aipatu behar da Malosten Gernikako jokalariek trebetasuna erakutsi zutela distantzia luzetik, 28 jaurtiketetatik 14 sartuz. Hori bai, errebotea hobetu beharko dute Montañanaren jokalariek poloniarren garaieraren aurrean.

Enea Gorzowek zortzi jokalari erabili zituen joanekoan, baina bosteko finko bat duela esan daiteke. Izan ere, Malosten bi jokalarik ez zituzten 15 minutuak gainditu pista barruan. Gernikak faktore hau erabil lezake aurkariak nekatzeko.

Aurkarien izarra Allana Smith australiarra da. Gernikan 23 puntu eskuratu zituen, hiruko marratik lautik hiru sartuz. Errebotean, aldiz, Chantel-Anais Horvat eta Tilbe Senyurek bezalako jokalariak ditu. Azken honek 13 errebote hartu zituen joanekoan. Lindsay Allen joko antolatzailea, Zoe Wadouz frantsesa edota Karolina Matkowska gertutik jarraitu beharko diete.