INFO

Laura Tiefenthalerrek Fitz Royko “El Corazon” bide gogorra igo berri du

Alpinista austriarrak erpin horren ekialdeko aurpegian dagoen marra hori Thomas Bukowski estatubatuarrarekin hiru eguneko eskaladan sinatu du. Hori egiten lehen neska izan da.

Laura Tiefenthalerrek eskalada handia egin du Fitz Royn. (Laura TIEFENTHALER)

Inolako zalantzarik gabe, Laura Tiefenthalerrek oso urrats garrantzitsua egin du bere ibilbidean Patagonian egin duen jarduera handiarekin. Thomas Bukowski estatubatuarrarekin batera, alpinista austriarrak Cerro Chalteneko edo Fitz Royko “El Corazon” bidea eskalatu du. Eta hori egiten lehen emakumezkoa izan da.

Aipatu dugun marra hori erpin enblematiko horren ekialdeko horma zorrotzean kokatuta dago. Eta orain arte, soilik gizonezkoak izan dira bide horretan protagonismoa izan dutenak. “El Corazon”-ek ospe handia du. Luzea izateaz gain (1.250 m), zailtasun tekniko gogorrak gainditu behar dira: 45º, 6c eta A3. Hortaz, Tiefenthalerrek egin duen jarduera azpimarratzeko modukoa da.

Gogora dezagun, eskalada alpinoetan austriarrak muturra sendo sartu duela. Aipatzekoa da Eigerreko iparraldeko horman dagoen “Heckmair” bidea, hots, klasikoa, bakarka eta neguan eskalatu duen bigarren neska dela.

Genero bereko sokakideekin asko eskalatu du; batez ere, Babsi Viglekin. Bada, bikote hori gai izan zen Brei Zinneneko zeharkaldi integrala biribiltzeko. Eta ezin dugu ahantzi ere egin, Fitz Royko “Supercanaleta” igotzen lehen soka talde femeninoa izan zela.

“El Corazon”-en, berriz, Bukowskirekin soka gerrira lotu da, eta nortasun handia duen bide horretarako hiru egun (bi bibak) behar izan dituzte. Modu horretara, bikote hori 1992. urtean Kaspar Ochsner suitzarrak eta Michal Pitelka txekiarrak zabaldutako (bi hilabete behar izan zituzten) zirrikitu horren historian sartu da.

Joan den abenduaren 29an, bi alpinistok Fitz Royko ekialdeko hormatzarrera abiatu ziren. Tienfenthalerrek adierazi du zalantza ugari zituztela: «Gure plana tresneria minimalista hartu eta ekinaldi bat egitea zen. Eguraldiak laguntzen bazigun eta gogoz bageunden, orduan aurrera egitea zen geure asmoa. Bagenekien leiho on eta egonkor bat aprobetxatu zela, eta iragarpenek zioten txikia izango zela. Bederen, ekialdeko murru horrek aldeko eite bat du: haizeetatik babestuta dago».

Eskalada handia

Biharamunean, goizeko 6etan, paretaren oinarrira abiatu eta bi ordu beranduago eskalatzen hasi ziren. Kosta egin zitzaien bidea aurkitzea, baina buruhauste hori konpondu eta artesi sistema batean sartu ziren: «Hainbat ordu egin genituen bide egokiena bilatzen. Hortaz gain, artesiak bustiak zeuden, baina, zorionez, ez zuten izotzik. Adibidez, Aquariam Roof izeneko luzeak ez du gezurrik esaten: erabat busti egin nintzen! Une horretatik aurrera, bilera guztietan hotzez dardaratzen egon nintzen».

Tiefenthalerrek hamabi luze sokaburu egin zituen, eta arratsaldeko zortziak zirenean Bukowskiri pasa zion lekukoa. Gauerdian, berriz, hamaseigarren luzean bibaka egiteko pronto ziren. Gaua pasatzeko erlaitz bat bilatzen jardun zuten, eta, azkenean, leku oso txiki batean (30 zentimetro) bibaka antolatzen hasi ziren. Austriarrak dio soilik hamar minutu lo egin zuela eta, gainera, gaua eserita igaro zuen.

Eskaladaren bigarren egunean, estatubatuarra artifizialeko luzeetan sokaburu joan zen; horiek guztiak Tienfenthalerrek jumarrarekin igo zituen. Arratsaldeko 15:30ean, oso ezaguna den gris koloreko plakara (bidearen izena hortik dator) iritsi ziren: «Sekzio hori gogorra da, eta Colin Haleyren aholkuek asko lagundu ziguten tarte hori era egokian gainditzeko».

Bidearen zati handi bat patrikan zuten, baina eguraldi iragarpenek zioten haizete gogorrek goizeko 3tatik 6ak arte gogor astinduko zutela gailurra: «Gaueko hamarrak izateko hamabost minutu falta zirenean, hogeita hamabigarren luzean, tontorrera zeramatzaten mistoko luzeetan sartu nintzen. Gailurreko haizeteekin beldur ginen, baina aurrera jarraitzeko erabakia hartu genuen. Atzera begiratzen badut, ziur nago erabaki bera hartuko nuela. Egoera ez zen batere erosoa eta okertzen bazen… Hortaz gain, tenperaturek behera egin zuten eta ikuspen oso txikia genuen».

Joan den urteko azken egunean, goizeko hiruretan, Bukowski eta Tiefenthaler gailurrean ziren 38 orduko eskalada egin eta gero. Denbora galdu gabe, rappelatzen hasi ziren. «Eguraldia asko okertu zen, eta biok ala biok beldur ginen. Gainera, sokak hirutan trabatu ziren; soka bat moztu behar izan genuen. Goiko pasagunera arratsaldeko zazpietan heldu ginen. Ezusteko handia jaso genuen: han altxatutako denda ez zegoen. Haizeteek eraman zuten! Atsedenik hartu gabe, El Chaltenera heldu ginen bost orduz oinez egin ondoren. Joan-etorri osoa 70 ordukoa izan zen».

Tiefenthalerrek dio ingurumari hartan inoiz egin duen eskalada handiena izan dela: «Iragarritako leiho txikiarekin zorte handia izan dugu. Aitor dezaket jarduera honek leher eginda utzi ninduela».