INFO

Ikurrinari omenaldia egin diote Portugaleten, portuan jarri zen lehenengo alditik 30 urtera

1994ko abuztuaren 10ean Portugaleteko portuan ikurrina jarri zen, Bilbon lehen aldiz altxatu zen egunetik mende bat igaro zela oroitzeko. Larunbat honetan omenaldia egin diote eta urtero ekimena errepikatzeko asmoa erakutsi dute. 38 eragilek deitu dute, tartean EAJ, EH Bildu eta PSE.

Urtero egingo diote Ikurrinari omenaldia Portugaleten. (Portugaleteko Ikurrina)

Herriko 38 eragilek deituta, ikurrinari omenaldia egin diote larunbat honetan Portugaleten. 130 urte pasa dira Bilbon lehen aldiz altxatu zenetik eta 30 Portugaleteko La Canilla paseoan instalatu zenetik. Ikurrinaren aurkako jazarpen historikoa eta euskal herritarrak elkartzeko tresna izan dela nabarmendu dute.

Ekitaldian azaldu dutenez, urtemugak gogora ekartzeaz gain, «hemendik aurrera, urtez urte, ikurrinari omenaldia egiteko konpromisoa hartuko dugu, orduko izpiritu ireki, herritar eta parte hartzaile berarekin». Ekimena deitu duten eragileen artean EAJ, EH Bildu, Eusko Alkartasuna, Gure Esku, PSE eta Sortu daude.

Ikurrinaren jatorria eta historia gogoraraziz, sortu eta urtebetera bere aurkako jazarpena hasi zela salatu dute, baita gaur egun arte jasandakoa ere. Ondoren, 1923an, Primo de Riveraren diktaduran «beste hainbat errepresiorekin batera, debekatu zen eta, nola ez, hemengo askok entzun edo bizi izan dugun moduan, Francoren diktadura luze eta odoltsuan debekatu, jazarri eta ezabatu ez».

«Ez dugu beste inor baino gehiago izan nahi, baina ezta beste inor baino gutxiago ere. Gainerako herrialdeek dituzten eskubide berberak izan nahi ditugu euskal herritarrok, horiek bezala baititugu guk ere, besteak beste, gure nazio zaharra ardazten duten hizkuntza, kultura, lurralde edota ikurrak», amaitu dute ekitaldia.