‘Guayas’ eskola-ontzia itzuli da sorterrira
Ekuadorko ‘Guayas’ eskola-ontzia Bilboko Itsasmuseumeko portura iritsi da. 1977an Erandion eraikitako belaontzia bisitatu ahalko da asteburu honetan, eta igandean tripulazioko orkestrak kontzertua eskainiko du museoaren zabalgunean.
Berrogeita zazpi urte luze pasa dira Erandioko Celaya ontziolak ‘Guayas’ itsasontzia eraiki zuenetik eta, 1977. urte hartatik lehen aldiz, egun Ekuadorko Armadaren eskola-ontzia den honek zapaldu du azkenean sortzen ikusi zuen herrialdea.
Bilboko Itsasmuseumeko kaian lehorreratu da ‘Guayas’ goizeko zortzirak aldera. «Gaur Bilbok bere egun handia ospatzen duen eguna da, egun polita itsas kulturak eta ontzigintzak Bilboko historian izan duten garrantzia aldarrikatzeko», zirtatu dute Itsasmuseumetik.
Ontziak 78,40 metroko luzera eta 10,60 metroko zabalera du guztira, eta 23 bela eta 154 pertsonako tripulazioa du, guztiak Ekuadorko Armadako kideak.
‘Guayas’ Astilleros Celayak 1967tik 1981era eraiki zituen 4 eskola-ontzietako bat da beste hauen artean: ‘ARC Gloria’ Kolonbiarako (1967), ‘ARBV Simon Bolivar’ Venezuelarako (1979) eta ‘ARM Cuauhtémoc’, Mexikorako.
Ostiral goiz honetan museoan egindako prentsaurrekoan, Leixuri Arrizabalaga, Itsasmuseumeko presidentea eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Alkatetza eta Kultura Politiketako zinegotzi koordinatzaileak eta Aitziber Oliban Erandioko alkateak, ‘Guayas’ eraiki zen herriko alkatea, Ekuadorko enbaxadore Wilma Andrade eta ontziaren komandante Bernardo Gordonekin batera, bisita horren garrantzia azpimarratu dute, eta datozen egunetarako aurreikusitako programazioa aurkeztu dute.
Izan ere, Ekuadorko 24 probintzietako baten izena hartu zuen belaontzi hau asteburuan zehar doan bisitatu ahalko da bertan, gaur, ostirala 23, 11.00tatik 17.00etara, eta larunbatean eta igandean, aldiz, 11.00tatik 20.00tara. Igandean, gainera, 18.00etan, Ekuadorko musika tradizionalaren errezitaldia eskainiko du ontziaren orkestra sinfonikoak, museoaren zabalgunean, ontziaren ondoan.
Astelehenean, hilak 26, 8.00ak aldera, ‘Guayas’ berriro itsasoratuko da.