INFO

‘Ryu-Shin’, Groenlandiak badu izar nagusi bat zailtasunean

43 eguneko espedizioan, Sean Warren, Julia Cassou, Sean Villanueva eta Pete Whittaker-ek Mirror Wall ezagunean ibilbide gogorra eta arriskutsua zabaldu dute. Mila metroko proposamen berriaren maila 8b eta A2+ da.

Ryu-Shin bidearen marrazkia. (Eli Azurmendi)

Groenlandiako hormatzarren artean, Mirror Wall izan daiteke zerrendaren lehen postuetan kokatuta dagoena. Pareta horretatik nazioarteko espezialista batzuk igaro dira. Halere, murruak duen erakarpenak ez du indarrik galdu, eta horren isla da udaran Mirron Wall-en izan zen espedizioa.

Laukote bat izan zen protagonista: Sean Warren, Sean Villanueva, Julia Cassou eta Pete Whittaker. Bada, talde horrek 43 eguneko espedizioan iaz beste talde batek zintzilik utzi zuen helburua amaitzea lortu du. Proposamen berriak ‘Ryu-Shin’ du izena, eta alde guztietatik begiratuta zaila da oso. Mila metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: 8b eta A2+. Gainera, arriskutsua (R) da.

Era horretara, eskalatzaileok iaz Villanuevak berak Nico Favresse, Ben Ditto eta Franco Cooksonekin batera hasitako lanak bukatu dituzte. Talde honek hemeretzi egun zituen horman zintzilikatuta hamabi luze irekitzeko. Azken espedizioak, aldiz, zirrikitu berria bukatu eta beste hamahiru luze zabaldu ditu.

Warren, Villanueva eta Whittaker-ek lan eskerga egin behar izan zuten Keita Kurakamiren omenez sortu duten ‘Ryu-Shin’-en. Abentura ez zen ondo hasi. Hormatzarretan espezialista handia den Kurakami prest zegoen espedizioan parte hartzeko, baina espedizioa hasi aurretik bihotzekoak emanda zendu zen.

Villanueva zen Mirror Wall-eko xede hori biribildu nahi zuena, eta azken espedizio horretarako Whittaker konbentzitu zuen. Kurakami kidearen heriotzak zalantzak sortu zituen bi eskalatzaileon artean. Whittaker-ek dio galdera asko egin zizkietela euren buruei: «Keita eskalatzaile paregabea zein eskarmentu handikoa zen. Une zailak eta arriskutsuak bikain kudeatzen zituen. Galera handia izan zen! Espedizioa bertan behera utzi ordez, erabaki genuen omenaldi onena zela iazko lanak bukatu eta bide berri bat haren izenean sortzea. Denbora gutxi genuen, baina azken unean Cassou eta Warren abenturara batu ziren».

Islandiatik itsasontziz abiatu ziren, eta kanpalekua antolatu ondoren astebete egin zuten 30 kiloko tresneria garraiatzen glaziarretik murruaren oinarrira.

Luze gogorrak

Estrategiaren inguruan aurreratu behar dugu iazko taldeak indarrean jarritako bera izan zela: horman sartu, ahalik eta parabolt gutxien jarri eta ahal zen guztia era askean igo. Whittaker-ek dio lehen zapi luzeak ez zirela zailak, baina arrokaren kalitateak buruhausteren bat eman ziela: «Zutoin bat gainditu, artesi sistema bat jarraitu eta lehenbiziko kanpalekua altxatu genuen. Plaka ugari igo genituen, eta sekzio batzuk gakoekin babestu ere. Tarte arriskutsuak izan ziren. Librean zein artifizialean oinarritu ginen. Bigarren kanpalekua beste zutoin baten gainean antolatu genuen. Warrenek lan ederra egin zuen A2+ mailako luze batean; eskalada artifiziala bikain menderatzen du. Luze horri ‘Magic Salathe Flame’ deitu zion. Gure kidearentzat ‘Salathe Wall’-ek duen arriskuaren eta ‘Eternal Flame’-ren atmosferaren arteko nahasketa bat omen da».

Artifiziala atzean utzi eta taldea era askean eskalatzeko egokia den artesi sistema batean sartu zen. Hain zuzen ere, sekzio horrek gailurrera eraman zituen. Luze horiek guztiak librean gainditu zituzten. Whittaker-ek aipatu du luze horiek ez direla gogorrak; bai, ordea, oso ederrak: «Luze batzuetan sokaburu joan nintzen, eta onartu behar dut artesi horietan teknika ezberdinak erabili nituela. Hasieran, hatzek lan handia egin zuten, baina, ondoren, artesia zabaldu zen eta tximinia batzuetan nire gorputzarekin lan eskerga egin nuen».

Lan horiek bukatu bezain pronto, beste erronka bati ekin zioten: artifizialean zabaldutako luze batzuk librean eskalatzen saiatu ziren. Eta bost egun horietan sei askatu zituzten; horietako bat, plaka gogor bat, 8b mailakoa. Denera, soilik hiru luze era askean eskalatu gabe utzi zituzten.

Eskalatzaileok diote ‘Ryu-Shin’ eskalatu nahi duenak, gutxienez, 7b+/R/A2+ maila gainditu behar duela. Gutxigatik bada ere, Kurakamiren omenez sortutako bide hori ezin izan dute era askean igo. Whittaker-ek esan du artifizialeko hiru luze horiei puntu gorria jartzeko aukera dagoela, eta bere zailtasun gorena 8b+ izan daitekeela.

Horrekin batera gehitu du ‘Magic Salathe Flame’ luzea (A2+) ziur aski bidearen giltza bihurtuko dela: «Argi dut ‘Ryu-Shin’ guztiz librean eskalatu ahal dela, baina lan horretarako denbora gehiago behar da eta Groenlandiak ez du ate hori zabaltzen. Denboraldia oso laburra da. Guk, adibidez, zorte handia izan dugu; izan ere, murrutik jaitsi eta biharamunean neguko ekaitz bortitz batek horma osoa elurrez estali zuen».

Amaitzeko, eskalatzaile britainiarrak onartu du Mirror Wall-en eskarmentu ederra bizi izan duela eta harro dagoela sokakideek eginiko lanarekin, besteak beste, sokakide guztiek zuhurtzia handia izan dutelako arriskuaren eta konpromisoaren aurrean.