Josu Jimenez Maia
Idazlea

Islandia, Hitzlandia

Europako Iparraldearen Iparraldean, Islandia hotzean, Gabonetako ohitura eder bat dute: liburuak opari ematea elkarri. Durangoko Azkoaren zurrunbiloa nola, Jólabókaflód edo «Liburu-uholdea Gabonetako» ohitura dute han, eta ohitura horri esker, liburu gehienak urtearen azken hiruhilekoan saltzen dira; urte osoan saldutako hamar liburutatik, zazpi.

Argitaletxe gehienek liburu berriak irailetik Gabonak bitarteko tartean ematen dituzte argitara, bókatíðindi  edo «Liburu-albisteak» izeneko urtekari batean agertzen da, eta Islandiako etxe guztietara banatzen da, Interneten kontsultatzeko moduan izateaz gainera.

Abenduaren 24aren gauean, liburuak opari elkarri emanda, ez gularik, ez xanpainik, liburua(k) baizik; aukeran, txokolate puskatxo bat hartu eta ohera irakurtzera! Islandiak Frantzian duen enbaxadore Kristján Andri Stefánsson-ek dioenez, ohera «lasaitasun eta patxadaz, irakurtzen gozatzeko; niretzako data hauetan ateratzen diren nobela berri horietako bat irakurri gabe, ez dira Gabonak.» Eta enbaxadorea ez da salbuespena: enbaxadak berak emandako datuen arabera islandiarren %63ak jasotzen omen du libururik Gabon gauean eta; eta ia-ia erdiak, liburu bat baino gehiago.

Datuak adierazgarriak dira oso: bakarrik 320.000 biztale dituen estatua izanik ere, 800 eta 100 liburu berri argitaratzen dira urteko, eta BBCk berak 2013an argitara eman zuenez, hamar islandiarretatik batek bizitzan zehar argitaratuko du libururen bat edo beste, eleberria dela, poesia-bilduma  dela, artikulu-bilduma dela... Liburu bakoitzaren 1.000 ale argitaratzen dira, baina oso ospetsua den egile batek —nobela beltzeko Arnaldur Indriðason-en kasuan— 20.000 ale ateratzen ahal ditu.

Ez dakit «Liburu-uholdea Gabonetako» ohitura hori kausa ala ondorioa den —biak, segurki—, eta eguraldi hotzak ere lagunduko du seguru asko, baina Islandia da, mundu osoan, liburu gehien duen estatua biztanleko, eta liburu-zale irla hotz horretan badituzu liburu-dendak eta irakurle-klubak non-nahi. Izan ere, literatura eta irakur zaletasuna kultur nortasunaren, herri nortasunaren euskarri bilakatu dira.

Eta kultur zaletasunak izanen du zerikusirik  duela urte gutxi batzuk islandiarrek hartu zuten politikari ustelak eta bankari lapurrak, elite politiko-ekonomikoa borrokatzeko erabakiarekin, orduan hain miresgarria izanik ere segidarik izan ez duena, maleruski. Irribarre zuriko eta gorbata beltzeko lapur banda horietako batzuek —ez denek, ez behar bezainbeste— kartzelan eman dute ordaina.

Islandia Iparraldearen Iparraldean dagoen irla hotz ezezagun hori izateaz gain, Gabon gaua liburu bat irakurtzen ematen duten herria dugu; hori horrela, zilegi bekit Islandiari Hitzlandia, deitzea, Iñigo Aranbarriren izen bereko liburuaren izenburua maileguan hartuta. Eta 2017 urte berrian, «hotz ala bero, irakurri egunero».



Buscar