Samuel Pasandin, Iratxe Letona eta Julen Yarritu | Ernai Aiaraldea

Alaitz kalera! Gazteok zuekin

Hamahiru urte. Ehunka kilometro. Bisitak, gutunak, paketeak, deiak. Miaketak, isolamendua, kontrolak. Hamahiru urte luze joan dira, eta bat errutinara ohitzen omen dela diote zenbaitek. Baina gu, ez gara sekula zure hutsunera ohituko.

2007ko irailean atxilotu zuten Frantzian Alaitz Aramendi orozkoarra. Ordudanik Parisko auzitegietan ezarritako zigorra betetzen egon da hainbat kartzelatan. Fresnes, Poitiers-Vivonne, Bapaume, Roanne eta Rennes ezagutu ditugu dispertsioaren izenean senide eta lagunok. Mila kilometrotik gora, gure alaba, ahizpa, izeko, laguna zein herrikidea ikusteko.

Bost urte luze igaro behar izan ziren atxiloketatik epaiketara arte. Horixe dugu gaurko frantziar nahiz espainiar auzitegi faxistek darabilten modus operandia. Epaitua ez, eta kartzelan urteak igarotzera kondenatzen zaituzten auzitegiak dira hauek.

Alaitzek, gainera, Jarraipen Bereziko preso gisa izendatua izatearen ondorioz, kontrol hertsi eta miaketa sistematikoak pairatu ditu kartzelaldian. Gaueko ordu txikietan esnatu beharra, zaratak, argiak piztea, biluzketak, ziegetako leihatilak irekitzea. Benetan ohitu daiteke pertsona bat horretara? Benetan ohitu behar du? Presoek jasaten duten indarkeria fisikoaz gain psikologikoa ere bada hemen, euren pribatutasuna eta duintasuna guztiz galtzea nahi duten bitartean.

Horri guztiari, kartzela bezalako leku heteropatriarkal batean biziraun beharra gehitu behar zaio. Bakartzeak eta gainerako euskal preso politikoengandik urruntzea, nahiz elkartasun bideen hausturak etengabekoak dira. Dispertsioa maila bortitzagoan jasan beharra ere izan du Alaitzek, ez baita emakumezkoen modulurik gertuago Frantzian.

2017an sei hilabete igaro zituen Espainian, Auzitegi Nazionalean epaitua zen bitartean. Berriz ere isolamendua eta kartzela batetik besterako mugitzeak. 535 urteko kartzela zigorra eta kalte ordainei aurre egiteko isuna ezarri zioten Madrilen.

Urtarrilaren 7an, Frantzian ezarri zaion zigorra beteta Espainiaratua izan zen gure herrikidea, Parisko Dei Auzitegiak euroagindua onartu ostean. Berrogei urteko zigorra bete beharko du espainiar Estatuan, Frantzian bete dituen hamahiru urte luzeez gain.

Eta kilometroak, deiak, bisitak, paketeak berriz. Baina gu ez gara ohituko. Eutsi Alaitz! Aiaraldeko gazteok zurekin gaude! Euskal preso politiko guztiak etxean izan arte, jo eta ke!

Buscar