Isabel Verdini da dantza taldearen burua, eta oso ondo ezagutzen du dagoeneko Down sindromea daukatenen mundua. Badaki nolako arazoak dituzten, baina baita zelako potentzialitatea ere. Aspaldi jabetu zen gizartea ez dela ezinduen beharretara egokitzen, alderantziz baizik, ezinduek daukatela egokitu beharra. Baina hori lortzeko «presa» eta «presio» hitzak ez ditu entzun nahi. Denbora, pazientzia, maitasuna, lana, horiek dira bere ahotik behin eta berriro irteten diren hitzak. Dantza ezaugarri horiek denak lantzeko aparteko tresna da. «Baina ez pentsa bigun hutsa naizenik, e! Ariketa bat gaizki egiten badute ez da ezer pasatzen, baina bigarren aldiz oker eginez gero, bronka jasoko dute. Oihurik gabe eta zakarkeriarik gabe, baina entzungo didate, bai horixe. Hala nahi dute, gainera; ezinduak dira, baina tontoak ez» dio Isabelek.
Taldearen 20. urteurreneko gala izan da Victoria Eugenia antzokian eta azkeneko entsaio orokorra egiten ari dira dantzariak oholtzan. Edozein emanaldiren aurretik bezala, urduritasuna nabari da, baina Isabelek eta bere laguntzaileek gozo eta samur tratatzen dituzte neska-mutilak eta besarkadak eta laztanak etengabeak dira. Argiak, soinua… dena probatu eta doitu behar da. Jaialdiaren aurreneko zatian Verdini Eskolakoak arituko dira dantzari, eta bigarrenean Verdini Dantza Taldekoak. ‘Argira’, ‘Baga, biga, higa’ eta ‘Zu zeu’ izan dira jaialdiko piezetako batzuk.
«Ume hauek, beste guztiek bezalaxe, pertsona moduan hazi egin behar dira. Eta nola hazten dira? Ardurak hartuta. Dantzaren bidez ematen diegu ardura hori. Lana egin behar dute; ariketak behin eta berriro errepikatu, zuzendariak esandakoari kasu egin, jendaurrean serio aritu… Aurrena, pertsona gisara baloratuak izan daitezen nahi dut, eta ondoren dantzari gisara. Egia esan, eta arazoak arazo, gozamena da niretzat neska-mutil berezi hauekin aritzea. Askotan barrez lehertzen zara entzuten dituzun ateraldiekin» dio Isabelek.
Donostiakoak, Zarauzkoak, Getariakoak, Irungoak, Hernanikoak, Urnietakoak… dira Verdini taldeko neska-mutikoak, hogeita hamar guztira. Gehiagorentzat ere badago tokia eskolan. Hurrengo pausoa emateko, konpainiara jauzi egiteko, indar muskularra, koordinazioa, arreta… horiek denak hobetu behar dira. Isabelek ez die bere dantzariei perfekzio teknikoa eskatzen, baina bai inprobisatzeko ahalmena erakustea, oholtzan eduki ditzaketen blokeoetatik edo hankasartzeetatik ondo irtetea. Hori lortzera bideratzen ditu bere esfortzu handienak, baina betiere haien izaera aldatzen saiatu gabe: «Kalean egiatiak, umoretsuak eta amultsuak baldin badira, zergatik aldatu behar dira agertokian? Ez dut hori nahi. Oholtzan ere zoriontsuak izatea bilatzen dut».
Isabel Verdinik dantza talde hau osatu zuenean, duela hogei urte, erotuta al zegoen esaten zioten, ezgaitasun intelektuala duten pertsonekin lanean hasteagatik. Baina indar handiko emakumea da Isabel, eta gainera familia osoaren babesa du. Bere iloba Haizea Down sindromearekin jaio zenean dantzari izatera iritsiko zela agindu zion ahizpari, eta hitza bete du. Ez Haizea bakarrik, beste neska-mutiko asko ere dantzari trebeak direla erakutsi dute Victoria Eugenian, 500 ikusle baino gehiagoren aurrean. Are gehiago, ikusleak ere ‘Zu zeu’ koreografia dantzatzera animatu dira emanaldiaren bukaeran. «Taldearen historiako bigarren gaurik garrantzitsuena izan da gaurkoa. Lehenengoa Donostiako Hiritar Merituaren Domina jaso genuenekoa izan zen, 2008an» dio Jesus Muruak, zuzendari laguntzaileak, poz betean.