@ane_arruti

Modernoek ere badakite akelarreaz gozatzen

Crystal Fighters talde britainiarrak, euskal kulturarekiko duen miresmena agerian utziz, Zugarramurdiko leizeetan ospatu zuen ostegunean «Cave rave» disko berria aurkezteko jaia, 450 zalerekin batera.

Zaleak Zugarramurdin, Crystal Fightersen kontzertuan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Zaleak Zugarramurdin, Crystal Fightersen kontzertuan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Telebistako saio batean Afrikako tribu batera eramaten dituzten hiritarren antzera lurreratu ziren ostegunean Zugarramurdin hirurehun bat lagun. Donostiatik iritsi ziren zazpi autobusetan, euskaldunez gain, Australia, Alemania, Britainia Handia edo Belgikatik euren talde kutuna ikusteko bidaia egin zuten zaleak. Tartean, 80 bat kazetari, bertakoak, baita atzerritik iritsitako komunikabideetakoak ere, besteak beste, BBC telebistatik, «The Guardian» eta «TAZ» egunkarietatik, «Vice» eta «Rolling Stone» aldizkarietatik...

Kuriosoa izan zen autobusean egindako bidea, bazen Bidasoa ibaiarekin harrituta bertan rafting egitea proposatu zuenik, Berako «txabolekin» txunditu zenik edo behi bat sekula ikusi ez zuenik ere.

Behin Zugarramurdira iritsita, bertako elizara eraman zituzten hipster gehienak, herriaren, sorginen eta leizeen historia laburra azaltzeko. Bitartean, plazan, eguraldi ederra aprobetxatuz, garagardoekin terrazetan eta lurrean eserita, Ugarte anaien txalaparta erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten. Oihu eta txalo zaparrada ederrak jaso zituzten bi anaiek.

Sorginen Museoan bisita laburra egin ondoren, kobazuloetara jo zuten eta herritarrek ere ez zuten aukera galdu nahi izan; 230 biztanletik 125 animatu ziren cave rave berezi honetara, alkatea eta apaiza -nola aldatzen diren gauzak- barne, guztira 450 pribilegiatu, paraje paregabean, kontzertu ahaztezin baterako.

Gora eta gora

Wilhem and the Dancing Animals iruindarrek zabaldu zuten 20.00ak aldera musika arratsa. Lehenak izateak ez zien mesede handirik egin, gogotik saiatu arren, soinuak ez baitzien lagundu oraindik iristen ari zen publikoarenganaino heltzen. Ongi defenditu ziren, ordea, eta dantzan gustura aritu zen jendea, baita kantuan ere «Finisterre» ezagunarekin.

Belako mungiarren txanda izan zen ondoren. Gaztetasuna, freskotasuna, erritmoa eta egurra. Laukotea ederki dabil uda osoan, aukera guztiak ondo aprobetxatuz, eta ziur atzerritik etorritako bat baino gehiagori kuriositatea piztu zitzaiola, taldearen inguruan gehiago jakiteko.

Eta aperitifaren ondotik, plater nagusia, Crystal Fighters. Zaleak lekua hartuz, zapia buruan lotuta batzuk, aurpegia margotuta beste batzuk... «Cave rave» diskoaren aurkezpena izanagatik, olatuaren aparrera igo dituzten lehen diskoko hit-ekin erabateko jaia ziurtatu nahi izan zuten britainiarrek hasieratik, eta halaxe izan zen. Ugarte anaien txalapartak eman zion hasiera emanaldiari eta «Star of love» diskoa zabaltzen duen «Solar System» indartsuarekin abiatu zuten akelarrea: «País Vasco to San Francisco...». Gitarra elektrikoarekin, gerritik gora biluzik, zaleengana sarri gerturatu zen Graham Dickson. Tapatuago hasi zen Sebastian Pringle taldeko liderra, zapi batekin burua estaliz eta kontzertu osoan kendu ez zituen betaurreko beltzak soinean, harri distiratsuez jositako kamiseta eta praken gainetik gona beltzarekin. «Kaixo» eta «eskerrik asko» keinuak sarri egin zituen Sebastianek.

«Follow» ezagunarekin lehertu zuen leizea seikoteak segidan eta, hortik aurrera, besoak igota eta saltoka erantzun zuen publikoak bukaerara arte, argi koloretsuen artean. Erori ziren disko berriko «Wave», «You and I», «Separator»... Lehenengoko «I love London»-ek ere erotu zituen leize bazterrak.

Agur esan ondoren, hiru kantu gehiago eskaini zituzten. Txalapartarien laguntza izan zuten berriro eta «At home»-ekin, ezezka eta baiezka, kantuan jarraitu zuen jendeak autobuseraino. Nahi eta ahal izan zuenak, Donostiako Gazteszenan jarraitu zuen jaia goizeko zazpiak arte. Garai bateko akelarreak izugarriak izango ziren, baina hau ere luzaroan gogoratzekoa izango da. Joateko aukerarik izan ez zuenak datorren asteburuan izango du Igeldoko Kutxa Kultur jaialdian.