NAIZ
Hernani

Aritz Aranburu surflariak eman dio hasiera txotx denboraldiari

«Orekatua, gorputz askokoa, baina edaten erreza». Honela definitu dute aurtengo sagardoa txotx denboraldiaren irekitzearekin batera. Aritz Aranburu surflari zarauztarra izan da edaria probatzen arduraduna. Guztira 13 milioi sagardo egin dira aurten, iaz baino hiru milioi gehiago.

Gaur eman zaio hasiera txotx denboraldiari eta Aritz Aranburu surflari zarauztarra izan da sagardoa probatzen lehena. Hernaniko Zelaia sagardotegian ospatu da aurten txotx denboraldiaren irekiera eta bertaratutakoek azaldu dutenez sagardoa «orekatua, gorputz askokoa, baina edaten erreza» da.

Ohitura den «gure sagardoa berria!» oihukatuz probatu du gipuzkoarrak urteko lehen tragoa. Sagardun elkarteko lehendakari den Joxe Angel Goñik azaldu duenez, 13 milioi litro egin dira aurten, iaz baino hiru gehiago.

Aurtengo sagardoak azken urteetakoak baino kolore ilunagoa aurkeztu du, eta «oso garbia usainari dagokionez». Udaberri euritsuak, uda lehorrak eta udazken beroak uzta oparoa utzi du. Honi esker, sagardoaren %75-80 inguru bertako sagarrekin egin da, zifra hau iaz %45 zen bitartean.