NAIZ
SANTURTZI

Gizon bat atxilotu dute Santurtzin, emakume bati ukituak egiteagatik

55 urteko gizon bat atxilotu dute Santurtzin, taberna batean lo geratu zen emakume bati ukituak egitea leporatuta, Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez. Lekukoek ohartarazi zioten erasoaz Ertzaintzari eta polizia iritsi arte erasotzailea atxiki egin zuten lokalean. Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute erasoa gaitzesteko.

Ehunka lagun bildu dira Santurtzin erasoaren aurkako elkarretaratzean. (@AintzaneUrkijo)
Ehunka lagun bildu dira Santurtzin erasoaren aurkako elkarretaratzean. (@AintzaneUrkijo)

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak azaldu duenez, erasoa igande goizaldean gertatu zen Santurtziko taberna batean. Goizaldeko 6.20 aldera, Ertzaintzari bertatik ohartarazi zioten emakume bati eraso egin zion gizon bat atxikita zutela. 

Lekukoek kontatutakoaren arabera, emakume gazte batek lo hartu zuen tabernako besaulkietako batean eta egoera hori baliatuta gizon bat hurbildu zitzaion eta ukituak egiten hasi zitzaion. Gertatzen ari zena ikusita, hainbat lagunek Ertzaintzari deitu zioten eta poliziak iritsi arte bertan atxiki zuten erasotzailea.

Ertzainak bertaratu zirenean gizona identifikatu eta atxilotuta eraman zuten, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Diligentziak bukatuta epailearen esku utzi zuten.

Santurtziko Udalak erasoa gaitzetsi du eta salaketa horren harira deitutako elkarretaratzeak ehunka lagun bildu ditu arratsaldean.

Beste eraso bat Zornotzan

Santurtzikoa ez da asteburu honetan emakumeen aurka izan den eraso bakarra. Zornotzan ere beste emakume batek, kasu honetan adin txikikoa, bortxatu egin zutela salatu zuen festetako lehen egunean.

Udalak gaitzespen adierazpena kaleratu zuen eta atzo arratsalderako elkarretaratzea deitu zuen. Ehunka lagun bertaratu ziren erasoa salatzera. Zornotzako Emakume Taldeak ere oharra plazaratu zuen erasoaren harira eta mota horretako jarrerarik ez dutela onartuko nabarmendu zuen.