Maider Iantzi
Donostia

«Zergatik erabaki» galderari kulturatik erantzun diote Gure Esku Dagoren solasaldian

Joan den astean, Bilbon, ongizateaz egindako solasaldiak eman zion hasiera Gure Esku Dagoren ‘Zergatik erabaki?’ mahai-inguru zikloari. Gaur, Donostian, kulturaz solastatu dira Josu Etxaburu, Mikel Irizar eta Lorea Agirre, Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa moderatzaile zela. Iruñean herritartasuna landuko dute aurki, eta Gasteizko solasaldiak ‘Gure lurra’ izanen du izenburu.

Josu Etxaburu, Mikel Irizar eta Lorea Agirre, Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa moderatzaile zela. (@GureEskuDago)
Josu Etxaburu, Mikel Irizar eta Lorea Agirre, Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa moderatzaile zela. (@GureEskuDago)

Arrazoi bilketa bat da Gure Esku Dagok hasi duena, zenbat eta gehiago eta zehatzago, hobeki. Herritarron ituna guztion artean idaztea da asmoa.

Lorea Agirre Jakineko zuzendaria pasarte bat kontatuz hasi da. «Gaixo batek besteari galdetzen dio: ‘Zuk zer hartzen duzu ondo egoteko?’ Eta kideak erantzuten dio: ‘Erabakiak’». Ibilbide luzeko kazetari honen ustez, nor egiten gaitu erabakiak, kulturak bezala. «Gure bizitzaz erabaki, zer izan nahi dugun, zer ez, noraino gauzatu nahi dugun izan nahi dugun hori… Pertsona, kolektibo, herri egiten gaitu erabakiak».

Erantsi duenez, euskara, kultura aukeratu behar dugu goizero. «Ez dator, bila joan behar dugu. Horregatik da inportantea erabakitzeko eskubidea izatea».

Agirreren iritziz, erabakitzeko eskubidea da demokrazia bat ahalik eta demokratikoena egitea, erabakiak ahalik eta jende gehienak har ditzan, erabakia ahalik eta zabalena izan dadin. Ahalik eta gai gehienetan har dezagun parte, hasi etxetik eta erakunde politiko eta sozialetara.

«Herri bat garelako, herri bat izan nahi dugulako erabaki behar dugu. Nazio kultural guztiak politikoak direlako. Menderakuntzako egoera bizi dugu, kultura nagusi baten azpiko gara. Hemen erabakitzeak aukera emango liguke kultura eta hizkuntza erdian jartzeko», adierazi du.

Mikel Irizar euskaltzaleak, euskararen sustapen eta normalizazioan ibilbide luzea egindakoak gaineratu du batez ere jarduera sozialarekin duela zerikusia erabakitzeak. «Harremanetatik datorkigu erabaki asko hartzea. Bizikidetzarekin eta honen kalitatearekin lotzen dut. Asko erabakitzen duen jendarte batek bizikidetza hobea eduki dezake».

Gure arteko harremanak beti hizkuntza bidez direla oroitu du: «6.000 hizkuntza inguruk jarraitzen dute bizitzen munduan eta gero eta igurtzi gehiago dute elkarrekin. Hizkuntza aniztasuna dugu gurean ere, eta geratzeko etorri da. Errespetuzko bizikidetza bat martxan jar dezagun. Hautuarena da kontuan hartu beharreko elementuetako bat gero eta gehiago».

Hirugarren hizlariak, Josu Etxaburu irakasleak, hezkuntza publikotik erantzun dio galderari: «Hezkuntza hain da garrantzitsua, politikarien esku uztea bakarrik hanka-sartze galanta litzatekeela. Herritarrok zeresana izan behar dugu, modu zuzenean. Gizartearekin lotuta dagoen hezkuntza bat nahi dut eta, aldi berean, gizartea eraldatuko duena».

Hezkuntza erdigunean jarriz, ohartarazi du gaur ikasgeletan egiten denak isla zuzena izanen duena gero edozein aginte mahaitan edo erakundetan, edozein lekutan. «Beraz, ez dezagun gutxietsi gure lana».

Iñaki Goirizelaiak ezin izan du bertan egon, baina berak idatzitako testu bat irakurri dute. EHUko errektore nagusi izanak hala galdetzen dio bere buruari: «Nola gustatuko litzaidake EH izatea 2030an? Ezagutzaren euskal komunitate kultua. Gaurkoa ikusita aukerarik badugu horretarako? Ez. Ezagutzarik gabe ez dago berrikuntzarik, ez industrian ez gizartean. Edo guk sortzen dugu ezagutza edo dagoen tokitik ekartzen dugu. Horretarako ondo hezitako pertsonak behar-beharrezkoak dira». Gure unibertsitate eredua bertan erabaki nahi duela aldarrikatu du.