Gotzon ARANBURU
HONDARRIBIA

Duela 8.000 urteko Euskal Herrira bidaia

Paleolito garaitik bizi izan da gizakia Jaizkibelen, lurrak eta itsasoak emandakoaz elikatuta. Arkeologoek bazekiten euskal kostaldearen eremu honetan aztarna ugari dagoela, eta orain arteko aurkikuntzarik harrigarrienaren zati bat erakutsi dute gaur Hondarribian: duela 8.000 lurperatutako gizonaren hezur bat, hain zuzen ere.

Duela 8.000 urteko tibia zati bat; ondoan, gaur egungo gizakiaren tibia bat. (Gotzon ARANBURU)
Duela 8.000 urteko tibia zati bat; ondoan, gaur egungo gizakiaren tibia bat. (Gotzon ARANBURU)

Bi gauza ditu harrigarriak Jaizkibelen aurkitutako hezurdurak: hain egoera onean egotea eta lurperatu zuteneko jarreran mantentzea. Eta bietarako daukate azalpena arkeologoek, Aranzadiko Alvaro Agirrezabalek esan duenez. Aztarnategia bailara txiki bati begira dago, hareharrizko aterpe batean, eta berez lurra oso azidoa da, baina historiaurreko gizakiek jandako moluskuen oskolen kaltzio karbonatuak azidotasun hori ahuldu du, animalien hondakinak milaka urtetan kontserbatuz. Eta gizakienak ere bai. 

Fetu-jarreran eta oskolez inguratua azaldu zen gizon honen hezurdura. Ez da ohiko izaten. Berez, gorpu bat lurperatzean, deskonposizioa dela eta, hezurrak sakabanatu egiten dira. Arkeologoek ondorioztatu dute lotuta lurperatu zutela, bestela ez baitzituen zortzi mila urte iraungo jarrera horretan. Alegia, «Jaizkibeleko gizona» deitu genezakeen hau ez zela han hilda erori, besterik gabe, baizik eta bere taldeko kideek hileta moduko bat eskaini ziotela, lurperatze zeremoniala egin zutela. 30-40 urte izango zituen hil zenean, eta metro eta erdiko garaiera. 

Juan San Martin izan zen Jaizkibelen balio arkeologikoaz jabetu zen lehena, eta joan den mendeko azken hamarkadetan historiaurreko gizakiak bizi izandako toki mordoa aurkitu zuen paraje honetan. Berarekin hasi ziren Jaizkibel miatzen Maria Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga, Aranzadiko kideak; berrogeri aztarnategi ziren ordura arte aurkitutakoak. Horietako bat J-3 izeneko aterpea zen. 2003an topatu zuten orain artean Euskal Herriko aurkitutako hobiratzerik zaharrena. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailu biltegian daude jasota Jaizkibelen aurkitutako pieza guztiak. Horietako batzuk Hondarribiko Arma Plaza aretoan jarri dituzte ikusgai egunotan, eta guztien artean izarra zein den ez dago zalantzarik: duela 8.000 urteko gizonaren hezur zati bat. Hain zuzen ere, tibia zati bat. Ondoan, gaur egungo gizakiaren tibia bat jarri dute, alderaketa egin ahal izateko. Beste bitrinetan, oskolak, apaingarriak, hezur gehiago… badago zer ikusia. Lurrean, J-3ko hezurduraren erreprodukzio bat, hezur berriagorekin osatua. 

J-3 aztarnategian aurkitutako materialeak hilaren 25era arte egongo dira ikusgai Arma Plaza aretoan. Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak, Luberri museoak, Jaizkibel Amaharri elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hartu dute parte erakusketan, denak ere Aranzadi Zientzia Elkarteak koordinatuta. Emaitza, duela 8.000 urteko Euskal Herrira bidaia.