NAIZ
VIGO

Gol aukera gehiago izanagatik ere galdu egin du Eibarrek Balaidosen

Celtako aurrelarien kalitateak erabaki du neurketa Balaidosen. Aise izan da nagusi Eibar lehen zatian, eta izan ditu hamaika aukera markagailuan aurretik jartzeko, baina aukerak huts egin eta esku hutsik itzuli behar izan dute armaginek.

Aspas izan da Eibarko atzeko lerroari buruhauste gehien eragin dion jokalaria. (@SDEibar)
Aspas izan da Eibarko atzeko lerroari buruhauste gehien eragin dion jokalaria. (@SDEibar)

Porrot mingarria larunbat eguerdi honetan Eibarrek sufritu duena; bide batez, bigarrena jarraian, Bartzelonan aurkakoaren ostean. Gaurkoa, baina, irabazteko neurketa zuten armaginek, are zelaian ikusitakoari erreparatuta.

Charles eta Jordan izan dira Blancok defendatutako atera arriskua eramaten lehenak, 10. minutuaren bueltan. Nagusi zen Eibar zelaian eta horrek sortutako gol aukeratan zuen isla. Peña ere gertu egon da gola egitetik 20.ean, eta ia ordu erdia igaroa zenean iritsi da etxekoen lehen aukera.

Eibarrek, baina, berera jarraitu du eta gertu izan dute Paulok, Kike Garciak eta Inuik lehen gola, batez ere azken honek lehen zatiaren hondarrean. Hutsean iritsi da neurketa atsedenaldira, eta bide beretik ekin dio Eibarrek bigarren zatiari. Pixkanaka, baina, indarra galtzen joan dira armaginak.

Hala, 55.ean aurreratu ditu etxekoak markagailuan Iago Aspasek, neurketaren joana 180º aldatuz. Inuik izan du 64.ean berdinketa egiteko aukera, baina hortxe joan dira eibartarren amets guztiak. 74an gol bat utzi diote bertan behera Celtari, baina 78an ez du barkatu Maxi Lopezek. Ia ordu laurden bat jokatzeko, baina neurketak ez du gehiagorako eman.

Partidaren xehetasun guztiak, NAIZen webgune berezian.