Iurre BIDEGAIN

Aldibereko ekintzak Aitzinaren aldarrikapenak entzunarazteko


Aitzinak bere aldarrikapenak plazaratu ditu Estatu frantsesaren besta egunean. Hainbat ekintza sinboliko burutu ditu Baiona eta Hendaian uztailaren 14 honetan.

Euskarazko hezkuntzak pairatzen dituen "mespretxuak" salatu ditu Aitzinak, pankarta erraldoi bat zintzilikatu du Baionako unibertsitatean. ©Aitzina
Euskarazko hezkuntzak pairatzen dituen "mespretxuak" salatu ditu Aitzinak, pankarta erraldoi bat zintzilikatu du Baionako unibertsitatean. ©Aitzina

Uztailaren 14an manifestaziorik ez antolatzea erabaki du Aitzinak. Horren ordez, lau ekintza sinboliko burutu ditu Baiona eta Hendaian. Gazte militanteek ekimenak antolatu dituzte "Guk EH" kanpainaren baitan. Kanpaina horren bidez Aitzinak Euskal Herrian ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi du.



Lehen ekintza Baionan iragan da 09.00ak aldera. Hainbat gaztek pankarta bat zintzilikatu dute Robert Alday promotorearen Baionako obra batean.

Ordu bat beranduago,  kanpainaren logoarekin Baionako Burger King logoa estali dute gazteek. Multinazionalen frankizien kontra agertzeaz gain, elikadura burujabetzaren bidean urratsak egitea aldarrikatu du. Ez da lehen aldia multinazional handien kontra jotzen duela. Tokiko produktuekin eginiko bazkari herrikoi bat antolatu zuen iazko udan Hendaiako Mac Donal-ean.



Halaber, Hendaiako Santiago zubiko mugarria estali du Aitzinak. "Guk EH" leloa idatzia duen kutxa batekin ezkutatu du, hain zuzen.

Eguerditan, Euskal Herrian ikasketa unibertsitarioak euskaraz burutzeko eskubidea exijitu du mugimenduak. Horretarako, diploma erraldoi bat itsatsi du unibertsitateko sarreraren pareta batean. 


Donapaleura ere hurbildu da Aitzina. Baxe Nafarroako herriko bitarterako lanen agentzia bat paperez estali du mugimenduak.

 

Azken ekintza Baionako katedralean iragan da. Kondoi erraldoi bat zintzilikatu du Aitzinako mugimendu feministak ondo mezua erakutsiz: Gure gorputza, gure erabakia.