naiz
iruñea

Nafarroako Ingeleseko opositoreek «ilunkeria» salatu dute, soilik %15 inguruk gainditu ostean

Ingeleseko Bigarren Hezkuntzako opositoreek, gaztelera zein euskarako zerrendakoek «haserrea eta harridura» adierazi dute egin berri den LEParen «prestakuntza eta garapenaren inguruan». «Gardentasun eza» salatu dute. Euskarazko frogan %16ak gainditu zuen soilik lehen fasea, eta gaztelarakoan, aldiz, %11ak.

Nafarroan egin berri den Bigarren Hezkuntzako Ingeles LEPan parte hartu duen opositore talde batek «haserrea eta harridura» adierazi dute honen inguruan egon den prestakuntza eta garapena dela-eta. «Bertan izandako gardentasun eza salatu nahi dugu, baita ondorioz izan diren emaitza txarrak ere, oraindik ezin ditugunak ulertu», salatu dute ohar baten bidez.

Emaitzek «izugarrizko sarraskia» eragin dutela jakinarazi dute. Euskarako zerrendarako ingeleseko frogan, aurkeztutakoen %84 jadanik lehen fasean kanporatua izan da eta %38,6k 2,5eko nota baino baxuagoa izan du, beraz ezin izan diote batazbestekoa egin izan eta zero aterako du. Horrez gain, lehen fasea pasa zuten 12 lagunetatik, bigarren fasea lauk ez dute gainditu. Beraz, hasiera batean eskaintzen ziren 21 plazetatatik, soilik 8 bete dira. Gaztelerako zerrendaren kasuan aldiz, lehen fasea egiterako, aztertuen %89 kanporatua izan da eta horietatik ia erdiak (%46,41) ez du 2,5eko kalifikazioa gainditu. Oraindik ez dira bigarren faseko frogak amaitu, baina gutxienez bost plaza bete gabe geratuko dira.

Hala ere, nota baxuen gainetik, «gardentasun eza» jarri dute mahai gainean. «Ebaluazio irizpideetan eta zuzenketetan izandako ilunkeria salatu nahi dugu, kasu batzuetan ez dugulako aurretik inolako irizpideren berri izan eta beste kasu batzuetan ez direlako argitaratutako irizpideak aintzat hartu».

Zehaztapen eskasak izateaz gain, «epaimahaiaren interpretaziora» lotuta zeudela nabarmendu dute. Argibideak ere «kontraesankorrak» izan zirela iritzi dute. Eta erreklamazio garaian «iluntasuna» nagusitu dela jakinarazi. «Ezin ditugu azterketak berriro ikusi, oraindik ez dakigu zein irizpiderekin zuzendu gaituzten», adierazi dute.

Administrazioari egindako erreklamazioez gain, Arartekoarekin harremanetan jarri direla ere azaldu dute.