NAIZ
IRUÑEA

Maravillas: «Nafar Gobernua da hustearen erantzule bakarra»

«Husteak bazuen alternatibarik; nafar Gobernua da atzo gertatutako guztiaren erantzule bakarra». Hala adierazi dute Maravillas gaztetxe iruindarreko kideek larunbat eguerdi honetan egin duten agerraldian. Uste dute Barkos eta Solana direla urrats bat aurrera egin behar dutenak: «Eurekin harremanak eraikitzeko prest gaude».

Maravillas gaztetxeko kideak, agerraldian. (Iñigo URIZ/FOKU)
Maravillas gaztetxeko kideak, agerraldian. (Iñigo URIZ/FOKU)

Agerraldia egin dute larunbat eguerdi honetan Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideek. Hamarnaka lagun elkartu dira bertan, tartean gaztetxearen asanbladako zein elkartasuna erakutsi asmoz gerturatu diren herritarrak.

Adierazi dute, hustearen ostean, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Maria Solana bozeramailea direla urrats bat aurrera egin behar dutenak: «Behin beta berriz adierazi izan dugu eurekin harremanak eraikitzeko prest gaudela. Jaso duguna, baina, ezezko garbia izan da».

«Nafarroako Gobernuaren aldebakarreko jarrerarekin argi geratu da herri honek ez duela jarrera errepresiborik ulertzen, hauek iraganeko kontutzat hartzen direla. Atzo, baina, poliziek hartu zuten auzoa, eta biolentzia erabili zuten», azpimarratu dute, aipatu biolentziaren aurrean herritarrek izandako jarrera goraipatuz.

Solanak adierazitakoa ukatuz, adierazi dute Gobernuak ez zuela gaztetxearekin elkarrizketak abiatzeko «inolako asmorik». Gaineratu dute ezin dutela onartu Gobernuaren eledunak jazotakoaren ardura guztia Iruñeko alkate Joseba Asironengan jartzea. «Husteak bazuen alternatibarik; nafar Gobernua da atzo gertatutako guztiaren erantzulea».

«Irudimenez erantzun genion biolentziari, hustea eman zenetik zortzi ordura berriro ireki zituen ateak Maravillasek. Euskal Jai gaztetxearen oinordeko bezala, diogu hau ez dela okupazio baten amaiera, geldiezina izango den eta benetan nahi dugun zerbaiten hasiera baizik. Inoiz baino indartsuago dago Maravillas», aldarrikatu dute.