naiz
Atarrabia

Mafalda, Des-kontrol, Kaleko Urdangak, Belako, Talco eta Zartako-K, Hatortxu Rock 22an

Hatortxu Rockek bere 22. edizioaren kartelaren lehen aurrerapena egin du. Atarrabian, abenduaren 29an, «Urak eginen du bide» lelopean antolatuko dute euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko jaialdia eta bertan izanen dira Des-kontrol, Belako, Mafalda, Talco, Kaleko Urdangak eta Zartako-K taldeak. Azken hauen agur kontzertua izanen da.

Hatortxu Rockek bere 22. edizioaren kartela iragarri du. (Hatortxu Rock)
Hatortxu Rockek bere 22. edizioaren kartela iragarri du. (Hatortxu Rock)

Hatortxu Rockek 22. edizioa antolatuko du abenduaren 29an, Atarrabian. Aurtengo leloa, «Urak eginen du bide» euskal esaera zaharra izanen da. Gaur kartelaren lehen zatia aurkeztu dute eta Talco, Des-Kontrol, Kaleko Urdangak, Zartako-K, Belako eta Mafalda taldeek hartuko dute parte. Sarrerak dagoeneko salgai daude 18 eurotan, jaialdiaren webgunearen bitartez. Aste gutxiren buruan osatuko da kartela.

«Ura indarra da. Ura harririk handiena hautsi eta higatzeko gai da, munduari forma berriak emanez. Beti bilatu eta aurkitzen ditu aurrera jarraitzeko bideak, gure herriak bezala», azaldu dute antolatzaileek ohar baten bitartez. «Azken hilabeteetan zehar berri eta zurrumurru asko entzun dira euskal preso politkoen egoeraren inguruan: gradu aldaketak, urrunketaren amaiera… Baina oraindik 270 euskal herritar daude espetxeraturik. Oraindik ere ehunka dira astero-astero errepidea hartu behar dutenak senide edo lagun bati bisita egiteko». Zentzu horretan, gogora ekarri dute oraindik ere aurten hainbat istripu izan direla eta presoen senideen autobus bat harrikatua izan zela ere.

«Oraindik ere harri handiak ditugu higatzeko, denak etxera ekarri eta gure herriari askatasun forma bat emateko, eta, denok elkarrekin, aurrera egiteko bidea aurkitzeko. Bide hori eraikitzeko lanetan lanabesa da Hatortxu Rock», gaineratu dute.

Azken urteetako moduan, Atarrabiako Entrecementerios guneak hartuko du musika jaialdia eta elkartasun jaialdi «berezia» antolatzen saiatu dira. Zartako-K Tafallako taldea da Atarrabian agertokira igoko diren taldeen zerrendako lehena, eta abenduaren 29a izango da nafarren street-ska erritmoak ikusteko azken aukera. Hatortxu Rocken jarriko diote amaiera 10 urteko ibilbideari agur kontzertu batekin.

Des-kontrol taldeko kideak ere bertan izanen dira. Agertokietatik kanpo edo beste proiektu batean murgilduta hainbat urte egin ostean, Hatortxu Rocken 20. edizio berezian itzuli ziren eta ordutik elkartasun zita gutxi batzuetan baino ez dute jo. Herrialde Katalanetako Mafalda taldeak urriaren 5ean aurkeztuko du haien lan berria, 'Palabras forman caos', eta Hatortxu Rocken joko dutena, Euskal Herrian egingo duten diska berriaren aurkezpena izanen da.

Kaleko Urdangak, bestetik, lehen aldiz igoko dira Hatortxu Rocken oholtza gainera, baina Bergarakoak ez dira Hatortxu Rocken aurten estreinatuko diren bakarrak. Belako ere lehen aldiz izanen da elkartasun jaialdian. Lehen aurrerapen hau osatzeko, Talco veneziarrak ere Atarrabian izanen dira.