@arianekamio
Donostia

‘High Life’, gizateria gizakitik urrun

Giza esperimentazioaren inguruko gogoeta sakona da ‘High Life’, eguzki sistematik harago doan espazio-ontzi bateko tripulazioa oinarri hartuta.

‘High life’ filmeko lantaldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
‘High life’ filmeko lantaldea. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Kriminal talde bat zientziaren esperimentaziorako erreklutatu dute. Espazio-ontzi batean sartu eta eguzki sistematik harago doan bidaia batean abiatuko dira. Ez dira sekula Lurrera itzuliko. Gizatasuna muturreraino darama Claire Denisek ‘High Life’en, oinarrizko sentimenduetaraino doan bidaia bat proposatuz.

«Buruan aspaldian izan dudan istorio zahar bat da. Gizonezko bat bakarrik espazioan, lurretik urrun, eguzki sistematik urrun eta ez daukanik inolako itxaropenik berriro lurrera itzultzeko. Bertako kide guztiak hilda daude eta bera bakarrik dago haur batekin. Batetik ezin du hil, haurra ezin baitu bakarrik utzi eta beraz erantzukizun bat du bere gain, ordura arte inolako ardurarik izan ez duenean. Bat batean bere bizitza goitik behera aldatzen da haur hau emakume bihurtzen den arte», azaldu du Claire Denisek.

Robert Pattinson da protagonista nagusia. Espazio-ontziko biziraule bakarra izango da, hilabete gutxiko alabarekin batera. «Ez dut uste nire burua desesperatuta dagoen gizontzat hartu dudanik. Iruditzen zait berak ez daukala planik, ez daki zer egin eta hori gustatu zait. Gustatu zait Claire Denisek aurretik egindako filmeen itxura eta hau ere gustuko izan dut. Jakinmina nuen nola gerturatuko nintzatekeen modu fisikoan pertsonai horretara eta lan honetara. Ez zait iruditu desesperatutako pertsonaia batez ari garenik. Unea bera bizitzen du, egunerokotasuna bizitzen du, bitxia da horrelako egoera batean egotea, norabiderik gabe», aipatu du aktoreak.