naiz
Donostia

Banderaren igoerarekin ekin diote festa egunari Donostian

Jendez lepo zegoen Konstituzio plazan eman diote, ohi legez, hasiera jai egunari. Donostiako bandera igo eta San Sebastian martxak gidatuta, 24 orduko festa abian da.

Hasi da San Sebastian eguna Donostian. (@DonostiaUdala)
Hasi da San Sebastian eguna Donostian. (@DonostiaUdala)

Azken orduak zeruari eta eguraldi iragarpenari begira eman dituzte donostiar askok, baina gauerdia hurbiltzen joan den neurrian, jendetza inguratu da Konstituzio plazara eta, beste behin, leporaino bete dute sansebastianen hasiera bertatik bertara jarraitu ahal izateko, euririk gabe gainera.

Eneko Goia alkateak igo du bandera eta, ohi bezala, Gaztelubide elkarteko danborradak jo du Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa, festari hasiera emanez.

San Sebastian egun honetan, 147 izango dira kalera aterako diren nagusien danborradak, iaz baino lau gehiago (AMPA La Salle Loila, Asociación Amigos de Angulas Aguinaga eta Claret/MB Gizarte Kultur Elkartea lehen aldiz aterako dira). Hala, guztira 18.399 lagun arituko dira desfilean. Haietako 7.681 emakumeak eta 10.718 gizonezkoak.