NAIZ

Hiru puntuak Athletic (1-0) eta Realarentzat (0-2)

Hiru puntuak eskuratu dituzte igande eguerdi honetan nola Athleticek (1-0) hala Realak (0-2). Bata bestearen atzetik daude sailkapen nagusian; bosgarren dira zuri-gorriak 34 punturekin, seigarren donostiarrak 28rekin. [Emaitzak eta sailkapenak]

Motz geratu zaio Athletici 1-0koa. (@AthleticClub)
Motz geratu zaio Athletici 1-0koa. (@AthleticClub)

Uste baino gehiago kostatu zaio Athletici Lezaman Rayoren aurka gailentzea. Kopan Atleticoren aurka galdu ostean, garaipena behar zuten lehoiek emaitzen bolada onera itzultzeko.

Lehenengo ordu laurdenean hiru gol aukera izan ostean, 28. minutuan egin dute lehen gola Athleticeko neskek. Jone Ibañez izan da golegilea, Leia Zaratek egindako erdiraketa sareetara errematatuta. Izan dute zuri-gorriek atsedenaldira iritsi aurretik bigarrena egiteko aukerarik, baina kanpora jaurti du Nekane Diezek 35. minutuan Ainhoa V. Morazak jarritako baloia.

Lehenengo zatian egin gisa, sendo zelairatu dira Athleticeko jokalariak bigarrenean ere. Hala, gertu egon dira bigarrena egitetik Garazi Murua 50.ean eta Eunate Arraiza 56.ean. Ia bigarrena egin duena Jone Ibañez izan da, 61.ean, baina zutoinera joan da haren jaurtiketa. Lezaman ikusia ikusita, motz geratu zaio emaitza Athletici.

Antzeko joan dira gauzak Sevillan, non Realak 0-2 garaitu duen etxeko taldea. Bigarren zatian iritsi dira neurketako gol guztiak, donostiarren urduritasunerako. 0-0 iritsi da neurketa atsedenaldira, eta soilik 76. minutuan ireki dute markagailua txuri-urdinek. Nahikari Garcia izan da golegilea, penaltiz.

Bigarrena iristerako ere amaitu da ia neurketa. 87.ean egin du behin betiko 0-2koa Kiana Palaciosek. Hiru puntuak poltsikoan, azken bost neurketetan irabazten duen laugarren partida du gaurkoa Realak.