@asierrobles
BILBO

Eragile eta jende ugariren babesarekin zeharkatu du Korrikak Bilbo

12.00ak aldera sartu da Zorrotzatik Korrika Bilbon. Euripean egin du ia ibilbide osoa, baina horrek ez du euskararen alde korrika egiteko gogoa zapuztu, eta jende asko irten da kalera. Orotara 85 eragile baino gehiagoren eskutik pasa da lekukoa.

Txupinerek eraman dute lekukoa Arriaga parean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).
Txupinerek eraman dute lekukoa Arriaga parean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU).

Gaua eta goizeko lehen orduak Meatzaldean eta Enkarterrietan igaro eta gero, 12.00ak aldera Zorrotzatik sartu da Korrika Bilbon Gazte Kontseiluak lekukoa eramanda.

Ondoren Basurtora bideratu dira, eta bidean euskarazko hedabideen kilometroa izan da non adierazpen askatasunaren aldarria egin duten.

Basurtotik Errekaldera joan da eta ondoren Irala, Miribilla, Bilbo Zaharra eta Abusu auzoetatik pasatu da. Abusun, auzoko ikastolako Unaik bertsoz lagundu beraien kilometroa.

Gero, Ibaizabalen beste aldera pasa eta Txurdinaga, Otxarkoaga eta Santutxu auzoak zeharkatuko ditu 14.00ak aldera euskararen aldeko lasterketak. Txurdinagan, Kirikiño ikastolako ikasle baten omenez xingola beltza eraman du lekukoak. Santutxun beste omenaldi bat egon da, Marian Leon AEK-ko kideari egindakoa, hain zuzen ere.

Santutxu utzi, eta Zumalakarregi etorbidetik igaroz Bilboko Udaletxera heldu da Korrika 14.30ak pasata; han Juan Mari Aburto alkateak eraman du lekukoa Udal korporazioaren izenean.

Zazpikaleetatik Abantek, Gatz tabernak, Errondabide tabernak, Adaxka Kultur Elkarteak, 7katu gaztetxeak eta Hika ateneoak, beste batzuen artean, lekukoa eraman ondoren, Bilboko Konpartsakeko kideek hiriaren erdialdera bideratu dute Korrika.

Euria gogorrago jotzen hasi da, baina horrek ez du euskararen alde korrika egiteko gogoa zapuztu. Kale Nagusia eta Urkixo Zumarkalea zeharkatu eta San Mamesera heldu da Korrika, non Athleticek hartu du lekukoa. Hor buelta eman, eta Bilboko erdialdetik murgildu da berriro EITBko langileen eskutik.

EH Bildu, EAJ, Bizkaiko Batzar Nagusia, Bizkaiko Aldundia eta gehiengo sindikala izan dira lekukoaren eramaileak Korrikak Indautxutik egin dituen kilometroetan. Ondoren, Mazarredo Zumarkalean sartu da, eta Guggenheim ondoko Puppy parean Etxeratek hartu du lekukoa.

Bilboko Kale Nagusian sartu da berriz, eta Bordillo Aplastaoko kideek, pertsona batzuek mugikortasun mugatu eta murriztatua dutela salatzeko ekimenak, eraman dute lekukoa kilometro batez.

Azkenik, Euskalduna zubitik zeharkatu du Korrikak Ibaiadarra berriz ere, eta Deustun sartu da. Lehendakari Agirre kalea hartu eta Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrieta auzoetatik pasa da 16.00etatik aurrera.

Save the children erakundeak Bilbo eta Erandioko mugan hartu du eskukoa eta Txorierrin sartu da Korrika Busturialdean eguna bukatzeko.