Nagore BELASTEGI

Bilboko konposatzaileak izango dira protagonistak Musikasten

Bilboko Orkestra Sinfonikoak itxiko du jaialdia eta aste osoan zehar prestatu duten egitaraua borobiltzeko asmoz, Bizkaiko konposatzaileen kantak eskaintzeko eskatu zieten Eresbiletik. Joaquin Ojinaga bilbotarrak hirugarren mendeurrena betetzen duenez, bere lanak eramango dituzte taula gainera.

Musikasteko antolatzaileak, Eresbilen egoitzan. (Jon URBE/FOKU)
Musikasteko antolatzaileak, Eresbilen egoitzan. (Jon URBE/FOKU)

Ostiralean hasiko den Musikaste aurkeztu dute gaur goizean Errenterian. Honen antolatzailea den Eresbil elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta berriki hil den Jose Luis Ansorena gogoan izan dute eta adierazi dutenez, berari eskainiko diote euskal musikaren astea.

Jon Bagües Eresbileko zuzendariak prestatu duten egitarauaren berri eman du. Aurreko urtean emakume konposatzaileei ikusgarritasuna eman zieten eta aurten ere bide horretatik jarraitu nahi dute. Horregatik, saio bakoitzean gutxienez emakume bat txertatzen saiatu dira, nahiz eta garaiaren arabera emakumeak aurkitzea ez den batere erraza.

Hala, ostiralean hasiko da astea musika garaikidearekin. Kuraia Ensemblek Musikeneko ikasle eta ikasle ohien konposaketak eskainiko ditu. Aurretik, 18.30etik aurrera, konposatzaileekin topaketak egingo dituzte.

Larunbatean meza ospatuko dute, normalean igandean egiten duten arren. Mota honetako ekitaldiak musika erlijiotsua egiten zuten autore zaharren obrak lantzea ahalbidetzen du, beste testuinguru batean eskaintzeak zentzurik izango ez lukelako. Meza 19.00etan hasiko da, Anda Mari abesbatzaren laguntzarekin; hainbat autoreren artean Ignacia Olaizolaren konposaketa bat eskainiko dute. Emakume honek ehun urte beteko lituzke aurten (apirilean hil zen). Aurretik, Jose Luis Echechipia organista arituko da.

Igandean hiru kontzertu izango dira. Lehenengo, Udal txistulari taldeak diana egingo du eta gero 12.00etan kontzertua eskainiko du enparantzan. 12.30ean, berriz, Foru Plazan Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Banda izango da konposatzaile bizkaitarren lanak eskaintzen. Arratsaldean, berriz, 19.00etan ganbera musika saioa egongo da Magdalena ermitan. Honen baitan Joaquin Ojinaga bizkaitarraren musika ekarriko dute, bere jaiotzaren 300. urteurrenean.

Astelehenetik asteazkenera kontzertu didaktikoak antolatu ostean, maiatzaren 23an klasikoetara itzuliko dira, 20.00etan Niessenenen, eta emanaldia kanta herrikoiekin amaituko da.

Maiatzaren 24an kontzertu handia eskainiko dute parrokian, 20.00etatik aurrera. Virgen de la Paz korala, Choeur Ascese, Landarbao abesbatza eta Nayade abesbatza izango dira. Sorpresa bezala, azken hauek Kalakan hirukotearekin arituko dira.

Asteari amaiera emateko, maiatzaren 25ean, larunbatarekin, parrokian Bilboko Orkestra Sinfokinoa izango da Andra Mari abesbatzarekin batera. Bizkaiko konposatzaileen lanak landuko dituzte eta Fernando Velazquezek ‘El Orfanato’ pelikularentzat egindako moldaketa batekin amaituko dute.