Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia herri gehiagotara zabaldu da aurten

Data

21.02.18 - 21.03.13

Lekua

Gipuzkoa - Tolosa

Ahoz aho jardunaldiak. (NAIZ)

Ahoz Aho jardunaldiak ate joka datoz. Otsailaren 18tik martxoaren 13ra egingo da aurten Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Ipuin kontalarien saioak dira gehienak, baina badira tailerrak eta hitzaldiak ere. Denera 25 ekitaldi.

Intujai Teatroko kide diren May Gorostiaga eta Beatriz Larrañagak hartu zuten beren gain antolakuntzaren ardura duela hamalau urte ipuin kontalari talde baten laguntza eta babesarekin.

Pozik agertu da Gorostiaga. Aurreko urteetan ekitaldi gehixeago izan dira, 30 inguru, baina ez da gutxi jaialdia aurrera atera izana. «Ahalegina hirukoitza izan da aurten, emaitza erdia lortzeko. Narratzaileek, bertakoek zein kanpokoek, esfortzua egin dute, ez baita erraza bizi dugun egoeran etortzea».

Jaialdia Euskal Herrian zabalduz doa, gainera. «Inoiz baino herri gehiagotan egingo da. Normalean Tolosako Leidor Aretoa –eta beste hainbat gune– eta Ordiziako Barrena Jauregia dira egoitza nagusiak. Aurten Arrasate, Oñati, Amezketa, Ibarra, Ataun, Albiztur eta Arabako Ozaeta barrundia animatu dira. Pixkanaka ari gara handitzen eta leku ezberdinetara iristen».

Ipuin kontalari parte hartzaileen %80a Euskal Herrikoa izan ohi da. Etxekoekin batera, aurten Uruguai, Venezuela eta Kolonbiako artista bana dator, Europan bizi direnak. Soledad Felloza, Ruben Martinez Santana eta Nicolas Buenaventura, hurrenez hurren. Aipatzekoa da Fellozak narrazio ikastaro intentsiboa emango duela Tolosan, Amarotzeko Auzo Etxean otsailaren 27an eta 28an.

Emakumeen presentzia nabaria izan da lehenengo ediziotik, ez bakarrik artistei dagokienez, baita edukietan ere. «Aniztasuna, inklusioa eta migrazioa bezalako gaiak lantzen dira. Modu naturalean sortzen da, baina urtean zehar artisten lana ikusten dugu eta gu ere horren bila gabiltza».

Ipuinak haurrentzako direnaren topikoa gaindituta dago Gorostidiren ustez. «Odol berria badator, gainera. Lehen bospasei narratzaile zebiltzan ipuinak kontatzen baina orain kultur agenda begiratuz gero hogeitik gora ikusiko dituzu».

Publikoa ere gorantz doa pixkanaka. «Behin datorrenak gero errepikatu egiten du».

Kuia da jardunaldien ikurra eta halaxe ageri da aurtengo kartelean, hegan. «Eta gure imajinarioan urperatuko bagina arbasoen jakinduria lau haizeetara zabaltzeko? Eta ipuin-olatuen gaineko aparrez hodeiak marraztuko bagenitu? Eta gatz puntu bat gehituko bagenie betiko iturri gozoei berriro edaterakoan? Eta istorioz jositako sareetan nabigatuko bagenu gure irudimenak hegan egin dezan? Eta zer oihukatu zuen isil-isilik zegoen ontzi horrek? Kuiak kaietan… kaiak kuietan», diote Intujai Teatroko kideek aurtengo edizioaren aurkezpenean.

Narrazio lehiaketa ere egingo da martxoaren 12an (19.00etan), Ordiziako Barrena Jauregian. Profesionalei zein amateurrei irekia dago eta gehienez 8 minutuko iraupena izan dezake ipuinak. 

Martxoaren 13an Tolosan Amarotzeko Auzo Etxean euskal narratzaileen topaketarekin emango zaio amaiera jaialdiari. Bosgarren urtez banatuko dira bertan Urrezko Kalabaza sariak. Edizio honetan Itziar Zubizarretak jasoko du horietako bat –beste biak sorpresa dira– ahozkotasunaren alde egindako lanagatik.

Ahozkotasunaren inguruko tesi bana ere aurkeztuko dute hitzaldietan egun horretan Antton Irusta, Amaia Elizagoien eta Leire Diaz de Gereñuk. «Elkartu eta geure buruari hitz egiten diogu, non gauden eta aurrera begira zer egin ikusteko. Egoera honetan inoiz baino gehiago elkartu behar gara», esan du.

Oñatiko lehen saioetarako gonbidapenak agortuta daude eta ondorengo emanaldi gehienetarako aurrez hartu behar dira. Jardunaldien egitaraua hemen kontsulta daiteke.

 

Kokapena

Leidor Aretoa
San Frantzisko Pasealekua Ibilbidea, 6
Tolosa. Gipuzkoa