Aitor Etxeberriaren eta Aitor Sarasketaren artelanak elkarrekin, Portalean

Data

21.02.12 - 21.03.07

Lekua

Gipuzkoa - Eibar

Etxeberria eta Saraskea, Portalean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aitor Etxeberriaren eta Aitor Sarasketaren artelanak ikus daitezke Eibarko Portalean. Biek bakarrik erakusketa osatu duten lehen aldia da, taldeko erakusketaren batean koinziditu duten arren. Portalearen gonbidapena izan da.

Etxeberriaren eskulturak, Sarasketaren margoak. Bien lanak elkarrizketan ari dira, egileek eurek horrela erabakita. «Erakusketa ez zegoen horrela antolatuta, bakoitzak bere espazioa zuen. Jakin genuenean denbora berean biok batera erakutsi behar genuela, orduan erabaki genuen espazio osoan bion lana nahasturik erakustea», azaldu du Etxeberriak.

Aspaldiko lagunak, pozik daude biak emaitzarekin. Erakusketa horrela antolatu izanak dinamika eta joko handia ematen dio erritmo aldetik ere», dio Etxeberriak. «Konfrontazioa baino, konplizitatea da», gaineratu du Sarasketak.

Margolari bezala aritu izan da Etxeberria urte askoan. «Nahiz eta pintura ez baztertu, azken sei urte hauetan nire jarduera eskultorikoa erabat oparoa izan da. Beti pentsatu dut eskulturan».

Arte pobrean (Povera) oinarritu da Portalean erakutsitako piezak/objetuak sortzerakoan. Berrogei inguru denera. «Era guztietakoak dira bai material eta forma aldetik ere, erakusketa guztiz eklektikoa da, nire tailerra ekarri dut Portaleara.
Froga gisa egindako piezak, maketak, egurrezko eskulturak, altzairuz eta beiraz konbinatutakoak, porlanezkoak, brontzezkoak, aluminioan landutakoak…»

Aipatzekoa da aurkitutako elementu edo objektuetatik abiatzen dela, «niretzat berriak diren bideak aurkitu nahian», kontatu du.

Hamahiru urterekin hasi zen senitarteko batekin marrazten, olioz margotzen eta behar ziren materialak ezagutzen. «Bi urte pasa eta gero bakarrik abiatu nintzen. Hasierak ez ziren errazak izan, ustez zerbait banekielakoan horma gainditu ezinik gelditu nintzen noraezean. Urteak pasa ahala inguruko lehiaketetara aurkeztu nintzen, nazioarteko beste lehiaketa batzuetara ere bai. Gero arte galeriak etorri ziren… ez dut etenik izan».

Urte luzez enpresa batean lanean aritu ondoren, orain bost urte erabaki zuen jarduera artistikoan zentratzea. «Egia da enkarguren bat izaten nuenean mugatua sentitzen nintzela, denborarekin ikasi egin dut ere eta orain egin aurretik jartzen dudan baldintza bakarra nik nire lana egingo dudala».  

Azken urte hauetan eskultura publikoa egin du. «2017an Lanzaroten jarri nuen eskultura erraldoia, ‘Errota harriaren deseraikuntza’. Porlanezko eta altzairuzko azala du (3m x 1.5m x 1,8 metrokoa). Azkena 2020ko azaroan nire herriko errotondan, Mendaron, ‘Didaktika’ izenekoa. Hiru piezaz osatu nuen –porlana, altzairua eta beirazko zati bat– instalazio gisa».

50 oihal eta paper gaineko akrilikoak jarri ditu ikusgai Sarasketak. Bolada intimistan aurkitzen da. «Deskribatzeko garaian isiltasunarekin eta barne hausnarketarekin lotuko nituzke nire lanak. Espazioa intuitu daiteke, baina era berean ez dago irudikatua», dio. 

Txikitatik izan du artearekiko zaletasuna. «Gogoan dut aitarekin aire libreko lehiaketak ikustera joaten nintzela».

Geometria eta kolorea dira bere artearen ezaugarriak. «Paper batzuetan geometria erabiltzen du eta beste batzuk materia da nagusi. Oihaletan, aldiz, materia desagertuz doa eta atmosfera nagusitzen da. Errealitatearen errepresentazioarekin jokatzen dut».

Bide berrien bila, galderak luzatzen dizkio bere buruari. «Bestela beti gauza bera egiten ari zara –esan du–. Zenbat eta gehiago jakin konturatzen zara gutxiago dakizula».

Kokapena

Portalea
Bista-Eder Kalea, 10
Eibar. Gipuzkoa