Aitzina Folk elkartasun ekitaldiz oparo dator Gasteizen

Data

21.10.29 - 22.01.02

Lekua

Araba - Gasteiz

Carlos Nuñez. (NAIZ)

«Pandemia garaian ere bizirik iraun ondoren, Aitzina Folk jaialdi solidarioa bederatzigarren edizioan inoiz baino biziago dago eta nazioarteko eta tokiko folkaren onena eramango du Gasteizko agertokietara». Modu honetan iragarri dute antolatzaileek edizio berria.

Aurten jaialdiak 13 jarduera baino gehiago antolatu ditu publiko guztiarentzat 2021eko urritik 2022ko urtarrilera bitartean, Gasteizko hainbat gunetan. Aitzina Folk-en hasierako helburuek bere horretan jarraitzen dute: musika, dantza, kultura tradizionala eta folka zabaltzea, bere bertako zein nazioarteko protagonistak ikustaraztea, baita helburu solidarioa osatzea ere. «Ez da ahaztu behar jaialdia boluntarioek antolatzen dutela oraindik ere, eta boluntario horiek beren lana, denbora eta folkarekiko grina eskaintzen dutela helburu solidario bat lortzeko», diote.

Ekitaldi honen diru-bilketak Aefatek babesten dituen hiru ikerketa proiektuetarako finantzaketa iturri nagusia izaten jarraitzen du: Aefat ataxia telangiektasia duten familiak eta kaltetuak biltzen dituen elkartea da eta ataxia telangiektasia gaixotasun arraroa, genetikoa eta neurodegeneratiboa da, tratamendurik eta sendabiderik gabea, eta desgaitasun progresibo larria eragiten duena. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko bi mutili eta Estatuko 30 haurri eta gazteri eragiten die.

Bederatzigarren edizio honetan ikuskizunak aurrez aurrekoak izango dira. Jaialdian, urtero bezala, nazioarteko eta tokiko artistak igoko dira agertokira, emakumeen agerraldia sustatuko da (Emakumeak folkean) eta familiarteko bi kontzertu (Txikifolk), Gorka Bravoren ‘Ehun doinuak’ liburuaren aurkezpena, Eskolen Topaketa (dagoeneko aurrez aurrekoa) eta hiru tailer izango dira.

Hala ere, kalejirak beste edizio baten zain egongo dira. Euskal artisten musika entzungo da, besteak beste, Ander Garcia Trio, Txistuman, Gorka Bravo, Julen Alonso & Oinkari, Iñaki Palacios & The Gaels, Amak... Eta beste toki batzuetatik iritsitako folka ere izango dugu: Taracea (Madril), Silberius de Ura (Gaztela eta Leon), El Naán (Gaztela eta Leon) eta NoRem (Euskal Herria), Josep Maria Ribelles Band (Katalunia)…, baita Carlos Nuñez galizarra ere.

Atzerriko musikarien artean, Alasdair Fraser & Natalie Haas (Eskozia) izango dira aurten ere jaialdian lan berria aurkezteko.

Horrez gain, hainbat tailer antolatuko dira: alde batetik, Aizkoa Madinabeitiaren eta Azaitz Unanueren eskutik makil dantza tailerra, eta, beste aldetik, uilleann pipes-en hasteko, oinarrizko ezagutzak emateko eta instrumentua ordubetean zehar maileguz emateko “Try the pipes” tailerra. Aurreko edizioetan hain harrera ona izan duten Bodhran-en tailerrak ere ez dira faltako.

IX. edizioak berrikuntza garrantzitsu bat dakar: 60 euroko prezio bereziko 50 bonu jarriko dira salgai, jaialdiaren jarduera guztiak barne. Bonu horiek eta banakako sarrerak (5 eta 20 euro arteko prezio dutenak) jaialdiaren webgunearen bidez eskuratu ahal izango dira.

Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta arduraduna, kaltetuetako baten aita da –18 urteko Jonena– eta Aefateko presidentea eta folk musikaria ere bai. Villenek duela bederatzi urte sortu zuen jaialdia, senide eta lagunen laguntzarekin, helburu bati begira: gaixotasuna ikusgarri bihurtu eta sendabidea bilatzeko dirua bildu. Beti gogoratzen duen bezala, »Aitzinak aurrera esan nahi du euskaraz, eta folkaren eta elkartasunaren batuketa bide ona da ataxia telangiektasiaren ikerketaren alde borrokatzeko».

120 talde eta artista baino gehiago igaro dira jaialdiaren eszenatokietatik aurreko zortzi edizioetan, 30.000 ikusle baino gehiago (3.500 inguru 2020an) eta 210.000 euro baino gehiago bildu dira ataxia telangiektasia (AT) ikertzeko, 40.000 euro joan den jaialdian. Jaialdiaren sortzaile eta zuzendari Patxi Villenen esanetan «boluntario, babesle, laguntzaile eta bertaratzen den publikoari esker jaialdi honek ikerketaren zati bat finantzatzea ahalbidetzen du urtero eta ikerketa hori gure itxaropena da».

Kokapena

Iradier Arena
Plaza del Renacimiento, 6
Gasteiz. Araba