Amparanoia, Carlos eta Xurxo Nuñez eta Fabian Carbone, Getxo Folk jaialdian

Data

21.09.22 - 21.09.26

Lekua

Bizkaia - Getxo

Partehartzaileetako batzuk. (NAIZ)

Nazioarteko Folk Jaialdiaren 37. edizioak munduko musikak gerturatuko ditu Getxora irailaren 22tik 26ra bitartean, eta, besteak beste, Amparanoia, Carlos eta Xurxo Nuñez eta Fabian Carbone ariko dira Muxikebarrin zentroan.

Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, honako hauek dira aurtengo edizioaren lan ildoak: familiaren transmisioaren garrantzia folk musikan, emakumearen rola generoan eta Astor Piazzolla tangoaren musikari handienetako baten jaiotzaren mendeurrenaren ospakizuna izango dira jaialdiaren aurtengo edizioko oinarriak.

Aurten, kontzertu nagusiak 19.00etan hasiko dira, Muxikebarrin, eta horietan folk eszenako artista eta talde ospetsuak ariko dira. Egitaraua osatzeke, irailaren 24an Amparanoia ariko da, ‘Himnopsis Colectiva’ azken lanarekin. Diskoak, besteak beste, cumbia erritmoen, western soinuen, mugako rockaren, reggae karibearraren, rockaren, pop progresiboaren, hiri erritmoen eta musika elektronikoaren bidez dantzatzeko gonbita egiten du.

Irailaren 25ean doinu zelten txanda izango da, Carlos Nuñez gaita jotzailea Xurxo anaiarekin ariko baita. Folk musikaren transmisioan familiak duen garrantzia azpimarratu nahi du Getxoko Kultur Etxeak kontzertu honen bitartez, galiziar folkaren erreferentzia diren anaiak protagonista direla. Saioan beren lan ezagunenetako batzuk interpretatuko dituzte eta beste familia bikote baten laguntza izango dute, Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpa nafarrek osatutakoa, hain zuzen ere.

Irailaren 26an Getxo Folk jaialdiak tangoaren maisu handienetako bat omenduko du, bere jaiotzaren mendeurrenean: Astor Piazzolla. Horretarako, Carbone Tango Ensemble taldeak ‘Cyclical Tango’ ikuskizuna eskainiko du. Fabian Carbone bandoneonistak gidatuta, taldeak piano, biolin eta kontrabaxu oinarri hartzen du Argentinako musikari ospetsuaren obra aipagarrienetako batzuk berrinterpretatzeko, dantza bikote batek lagunduta.

Jaialdiaren gainerako hiru kontzertuak datozen asteetan iragarriko ditu Getxoko Kultur Etxeak. Horiez gain, irailaren 25ean, 12.30ean eta 16.30ean, familientzako doako bi emanaldi izango dira. Sarreren salmenta uztaileko bigarren astean hasiko da.

Kokapena

Muxikebarri Zentroa
Basagoiti Etorbidea, 77
Getxo. Bizkaia